[Galeria eta bideoa] Arrakastatsua izaten ari da greba orokorra
Industria guneetan lantegien %95 eta herriko saltokien %90 itxita daude Errenteria-Oreretan grebaren deitzaileek emandako datuen arabera.
Goizeko lehen ordutan industria guneetako lantegien %80 itxita zegoen grebaren antolatzaileek zehaztu dutenez, eta pikete informatiboak iritsi ahala lantegien %95ak itxi dituela ateak esan dute. Udalerri erdialdean ere antzeko egoera, kaleak hutsik eta saltoki gehienak itxita, %90 grebarekin bat eginda. Papresak greba orokorrarekin bat egin zuen, baina gutxi batzuk goizean lanera joan direla zehaztu dute; hala ere makinak geldituta daude.
Goizean goiz bildu dira pikete informatiboak Mamuten, eta inguruko industriaguneetatik ibili ostean itzuli dira herrietara. Errenteria-Oreretan, Merkatuzar izango da grebalarien bilgunea; bertan egin dute gosari kolektiboa eta haren ostean batzar informatiboa eginda bertatik abiatuta kale bira egin dute. Saltoki gehien gehienak itxita, hala ere batzuk zabalik ziren, eta bertara abiatu dira pikete informatiboak. Heldu ahala joan dira ateak zabalik zituztenak pertsianak jaisten.
Txilibitu eta petardo hotsek hartu dituzte kaleak.
Aipatzeko gertaerarik ez da izan, auto gidari baten jarrerak sortutakoaz gain. Pikete informatiboei oldartu eta iraintzen hasi da, horiek Ekialdebuseko autobus bat gelditu eta trafikoa eten dutenean. Auto ilara sortu da eta oihuka eta irainka hasi da auto barrutik bere onetik aterata; ez hori bakarrik, autotik jaitsi eta bere aurrean zeuden beste autoa eta furgoneta —piketeen eraginez geldirik zirenak— kolpatzen hasi da. Errepidea libratu denean abiadura bizian alde egin du. Bost minutura, baina, berriro azaldu da Kiroga inguruan eta Biteri kaletik barrena sartu da abiadura handian ere; piketeak aurrean zituen, eta atzean, ohartu ez bada ere, Ertzaintzaren patruila bat. Gelditu, autotik atera, miatu eta Udaltzaingioari deitu diote ertzainek alkoholemia proba egin eta haien esku uzteko, herri barruan izan delako gertaera. Alkoholemia proba egin da, positiboa eman du gizonak; horretaz gain, beste autoa eta furgoneta kolpatzeagatik ere eman beharko ditu kontuak.
Arratsaldeko deialdiak honakoak:
- 14:30: Bazkari autogestionatua Merkatuzarren
- 16:00: Kale bira Merkatuzarretik
- 18:00: Manifestazioa Herriko Plazatik