[Bideoa] Antxok konpromiso erakustaldia egin du bigarren aldiz
Goizeko argazkia gutxi aldatu da Antxon, komertzio gehienek itxita jarraitzen dute eta herritarrek bigarren aldiz hartu dituzte barrutiko kaleak, duintasunaren defentsa egiteko.
Baten faltan, bi mobilizazio greba orokorrean. Bigarren aldiz atera dira kalera antxotarrak bizitza, lan eta pentsio duinak eskatzeko, argi baitute populazioaren gehiengoa ez dela bizi agintariek dioten paradisu edo oasian. Antxo ez da herri handia, baina gaur herri askok ezin izan duten konpromiso eta indar erakustaldia egin dute herritarrek.
Goizetik itxita egon dira Antxoko komertzio gehienak eta jendetza batu da, lehenik manifestazioa egiteko eta jarraian, lezoarrekin batera Donostiako manifestaziora joateko. Baina dirudienez, goizean ez dute nahikoa izan, pertsona ugari itzuli baitira Gure Zumardira. Bertan batzar txikia egin eta beste mobilizazio bat antolatu dute. Ibilbide berbera egin eta oihu berberak bota dituzte; ez direlako nekatuko bizitza, lan eta pentsio duinak eskatzeaz.