[Galeria eta bideoa] Antxo, erabat geldituta
Duintasunaren defentsa egiteko ehunka antxotarrek hartu dituzte barrutiko kaleak. Herriko komertzio gehienek pertsianak jaitsita mantendu dituzte. Lezoarrekin batera zutabe erraldoia osatu dute Donostiara joateko.
Kasik erabateko jarraipena izan du gaurko greba orokorrak Antxon. Herriak grebarekin bat egin duela esan daiteke, kolektiboa guztiak ordezkatu baitira gaur Antxon egindako mobilizazioetan; pentsiodunak, gazte prekarizatuak, langileak, mugimendu feminista… denak bizitza, lan eta pentsio duinen alde. Pasaian, Antxon izan dira grebarekin lotutako ekitaldiak; Trintxerpen, San Pedron eta Donibanen ez dira egin, HITZAk jaso duen informazioaren arabera.
Goizeko 9:00etan osatu dira pikete informatiboak Gure Zumardian eta herriari bira eman diote. Ordurako komertzio guztiek pertsianak jaitsita zituzten; hau da, oso komertzio gutxik zabaldu dituzte ateak gaur, herriak grebari emandako babesaren seinale. Okindegi bakar batek mantendu ditu ateak irekita, baita Eroski eta Dia supermerkatuak ere.
10:00ak aldera baina, hasi da mobilizazio handia. Gure Zumardia izan dute abiapuntu, Eskalantegi kalera jo dute eta ozen esanez bestelako eredu ekonomiko eta soziala nahi dutela, herriari bira eman diote. Nafarroa etorbidera iritsi orduko, ehunka pertsonek osatzen zuten duintasunaren aldeko taldea. Eroskira iritsi direnean, barrura sartu dira hainbat grebalari eta azkenean supermerkatuak ere pertsiana jaistea erabaki du. Dena dela, giro baketsua nagusitu da uneoro.
Hasierako puntu berberean amaitu da manifestazioa. Berriz ere greba egiteko arrazoiak asko direla esan ondoren, tren geltokirantz jo dute. Bertan, Lezotik eta portutik iritsitako taldeak zituzten zain. Zutabe berri, handiago eta indartsuagoa eginda, errepideko errail bat okupatu dute, elkarrekin Donostiara joateko.
Goizak Antxon utzitako irudirik onenak bildu ditu HITZAk.