[Galeria] Grebari babes erraldoia
Errenteria-Oreretako manifestazioa handia izango zela aurreikus zitekeen, baina are handiagoa izan da; greba orokorrari babesa erakutsi diote hamarnaka eta hamarnaka herritarrek. Anitza, askotarikoa eta denaren gainetik lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko konpromisoaren erakuslea izan da manifestazioa, elkartasuna eta elkarlanaren adierazle, hamarnaka eta hamarnaka lagunek bat egin dutelako.
Errenteria-Oreretako manifestazioa handia izango zela aurreikus zitekeen, baina are handiagoa izan da; greba orokorrari babesa erakutsi diote hamarnaka eta hamarnaka herritarrek. Anitza, askotarikoa eta denaren gainetik lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko konpromisoaren erakuslea izan da manifestazioa, elkartasuna eta elkarlanaren adierazle, hamarnaka eta hamarnaka lagunek bat egin dutelako. Herriko Plazatik abiatu da, baina ez dira oreretarrak bakarrik izan, Lezotik, Donibanetik, Antxotik eta Oiartzundik ere heldu dira manifestazioarekin bat egitera. Emakume, gazte, heldu, pentsiodun, langabe, ikasle… denek bat egin dute aldarri beraren bueltan.
Egun historikoa izaten ari dela gaurkoa esan dute manifestazio amaieran, harro esan gainera, “mobilizatuz bizitza erdigunean kokatzen duen mugimendu bat osatu dugu; erdigunean kokatu ditugu eskubide sozialak, lan eskubideak, eta pentsio publiko duinak”. Nahia, aldarri bihurtu dute eta argi esan dute hitzetatik ekintzetara pasatzea nahi dutela. “Mundurik hoberenean bizi garela esaten dute, baina prekarietatea gero eta orokorragoa da. Galdetu bestela gazteei, zaintza egiten duten emakumeei, era guztietako eraso arrazista eta xenofoboak jasaten dituzten migranteei, gaur greba egiteko aukera irudikatu ere ezin duten etxeko langileei”.
Egun historikoa gaurkoa, mobilizazio erraldoia egiteaz gainera, “erasora jotzea erabaki dugulako jendearen bizimodua hobetze aldera Euskal Herriko eta Estatuko erakundeei eta patronalei erabaki zehatzak har ditzatela galdegin diegulako”. Erabaki horietako batzuk bihar bertan aplika ditzaketela ere esan dute, “borondate politikoa da, beste batzuk burujabetza markoa eskatzen dute, beraz, Euskal Herrian gure lan eta bizi baldintzei buruz erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Herritarrak izan daitezela erabakitzen dutenak, ez transnazionalak”.
Gaur mugimendu soziala eta gehiengo sindikala batera doazela esan dute, “gure altxorrik handienari balioa emateko; eta zein da altxor hori? Borrokatzen den, borrokatzen garen jendea”. Beren eskubideak irabazteko bide bakarra dagoen jakitun direla erantsi dute, “mobilizazioa eta borroka, eta gaur bezala eutsi egingo diogu gure eskubideen aldeko borrokari; gure eskubideen alde eta datozen belaunaldien eskubideen alde”.