[Galeria eta bideoa] Pasaiako Portuko jarduna, ia geldituta dagoela dio LABek
Mugimendu gutxi izan da gaur goizean portuan. Sindikatuen arabera, %80ko jarraipena izan du grebak. Protestak amaituta, Donostiarako bidea hartu dute langileek.
Ia geldirik esnatu da gaur Pasaiako Portua. Grebako deitzaileek jakinarazi dutenez, haien datuen arabera Pasaiako Portuko jarduna %80an eten da goizean. Hala Baieztatu dio HITZAri Jose Ramon Zapirain, Zapik, Portu Agintaritzako langilea eta LAB sindikatuko arduraduna portuan. Hortaz, pozik daude antolatzaileak eta orain arte greba arrakastatsua izan dela nabarmendu dute.
Grebak portuko sektore guztietan izan du jarraipena; nabarmengarria da oso, garbitzaileen egoera, “erabateko atxikimendua” izan baitu Zapik azaldu duenez. Portu Agintaritzan %60koa izan da atxikimendua, Kameran eta zamaketarien aurtean %50ekoa eta UECCkok langileen artean %40koa. Oinarrizko zerbitzuek bestalde, gutxienezko zerbitzuak eskaintzen ari dira.
Goizeko lehen orduetan agerikoa izan da zerbitzu asko geldituta zeudela portuan “esan digutenez, garabi bakarra ari da lanean portu osoan. Bi baskuletako bat bestalde, lanean ari da”, adierazi du sindikalistak. Goizeko 6:30ean bildu dira hainbat langile pikete informatiboak osatzeko Herrera eta Lezoko sarreretan. Jarraian manifestazio egin dute portuan zehar, bulegoak dauden eraikinetan sartu baino lehen.
Portu Agintaritzako egoitzan sartu ondoren, Lezorako bidea hartu dute grebalariek, Lezokoekin batzeko. Elkarrekin irten dira Antxorantz. Han zutabe erraldoia osatu dute, eta elkarrekin bizitza, lan eta pentsio duinak aldarrikatuz, Donostiarako bidea hartu dute manifestazio nazionalean parte hartzeko.
Hitzak irudi sorta osatu du.