Gazteentzat bikoizketa lehiaketa, aurtengo Motxian Ebyn
12-16 adin tartekoentzako lehiaketa da Motxian Eby. Aurten, bikoizketa lanak egin beharko dituzte gaztetxoek. Oarsoaldeko Euskara Batzordeak antolatu du.
Formatua aldatu du Motxian Eby ikus-entzunezkoen lehiaketak. Aurten arte, esketx lehiaketa izan da. Aurten, bikoizketan aritzekoa izango da. Mantentzen dena da 12-16 adin tarteko gaztetxoentzat dela, eta nola ez, euskaraz aurkeztu behar direla lanak. Oarsoaldeko Euskara Batzordeak antolatu du. DBHko ikasleak animatu dituzte bertan parte hartzera.
Bikoizketa lehiaketaren oinarri nagusia da minutu batetik bi minutu arteko film zati bat hartu (edozein), eta horri ahalik eta bikoizketarik egokiena eta dibertigarriena egitea.
Lehiaketa izanda, sariak daude, bi nagusi: adituen epaimahai batek 300 euroko saria emango du; Internetez botoa emateko aukera izango da, eta bertako irabazleak 200 euro jasoko ditu. Horrez gain, Oarsoaldeko herri bakoitzean bozkatuena izan den lanari 50 euroko saria emango diote (bat herriko).
Lanak bidaltzeko epea martxoaren 2ra arte dago zabalik. Lanak, Motxian Ebyren webgunearen bitartez bidali behar dira (bertan aurki daitezke lehiaketari buruzko xehetasun gehiago).