'Esan gabe doa' kalean du Muskulok
Muskulo musika taldeak otsailaren 1ean kaleratu zuen diskoa, Niessenen egindako kontzertuarekin batera.
Esan gabe doa izena jarri dio Muskulo talde oreretarrak kaleratu berri duen disko luzeari. Otsailaren 1ean ikusi zuen argia, hain justu Niessenen eman zuten kontzertuarekin batera. Kaskezur taldearekin konpartitu zuten oholtza.
Diskoa erosteko eta entzuteko, hainbat aukera. Batetik, salgai jarri dute Errenteriako Noski! liburu dendan, nahiz Black Irudi Faktoriaren egoitzan (Segundo Izpizua 6, 1 lokala); Irungo Bloody Maryn ere eskura daiteke, baita Donostiako Kaxilda liburu dendan ere. Euskarri digitalean jaso daiteke aldi berean Muskuloren kantuen berri.
Hori guztia gutxi balitz, Euliaren azken hegaldia kantuaren bideoklipaz goza daiteke, Rebecca Wilkinsonek eta Ima Paraluxek ekoitzia (behean dago).
Historia laburra
2014an abiatu zuen bere bidea Muskulok, Dejabu Panpin Laborategiaren Arrastoak antzezlanerako egin zuen Domino kantuarekin. 2015an lehen diskoa kaleratu zuten, Triku bat errepidean. 2017an, berriz, lau kantuko EP bat sortu zuten Lau; egitasmo horren barruan, EPko abesti bakoitzarentzat bideoklipa egin zuten, lau zinema zuzendarik eginak.
2015ean Gure Irratiak-ek abiatutako Trenplin lehiaketan irabazle izan ziren, eta horrek ahalbideratu zien Erik Truffaz-ekin Biarritzeko Atabal aretoan jotzea. Artistas En Ruta programarako aukeratuak izan ziren, eta horren eraginez, besteak beste, Espainiako Estatuko eta Kataluniako hainbat aretotan egin dituzte kontzertuak, 2018an zehar. 2019an sortu dute Esan gabe doa. Patxadaz.
Existitzen ez diren filmen soinu bandak egiten dituztela esan omen zuen behin batean taldekoen lagun batek: “Musika definitu edo deskribatzea ariketa zaila edo ezdeusa izan daitekeen arren, haien kantuetan paisaia lehor malenkoniatsuak, pertsonaia xelebreen hainbat komeria edo dramak irudikatu ditzakegula esatera ausartuko gara”.