Aitor Etxebeste: «Pertsonaia bat marraztetik animatzera jauzi handia dago»
Paperetik zinemara egin zuten salto oiartzuarraren marrazkiek ‘Nur eta herensugearen tenplua’ filmean. Orain, lehenengoz, animazio zuzendari gisa aritu da ‘Lur eta Amets’-en.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2020/02/dsc0007-copia.jpg)
27 urterekin jada bi filmetan parte hartu duzu. Inoiz film baten kredituetan zure izena agertuko zela imajinatu duzu?
Hasiera batean ez nuen argi zertan lan egin nahi nuen. Unibertsitatean hasi nintzen animazioan, nire kabuz. Baina orduan hona iritsiko nintzela ez nuen imajinatu, ezta gutxiago ere.
Nola heldu zinen animaziozko filmak egitera?
Dena unibertsitatean hasi zen, animaziozko irakasle batek Lotura Filmseko argazki zuzendari Edu Elosegi aurkeztu zidanean. Haren bitartez hasi nintzen estudioarekin harremanetan, nire lan eta proiektuak aurkezten. Juanba [Berasategi] ezagutu nuen orduan. Esango nuke gustatu zitzaiola nire lana, eta Nur eta herensugearen tenplua filmerako lana eskaini zidan. Orduan hasi nintzen, eta egia esan eskertu beharra diet bai Juanbari eta bai Mireni [Berasategi], nigan jarritako konfiantzagatik. Haiei esker asko ikasi dut urte hauetan. Imanol Zinkunegiri, Joseba Ponceri eta Edu Elosegiri ere eskerrak eman nahi dizkiet.
Juanba Berasategiren gonbita, sorpresa ederra ezta?
Ikaragarria. Oso esperientzia ona izan zen. Hasieran betiko beldurrekin hasten zara, baina erritmoa hartu ahala askatzen hasten zara eta barruan duzun hori ateratzen. Egia esan oso-oso gustura aritu naiz bi filmetan. Hona iristeko alde batetik zortea izan dut, esango nuke momentu egokian toki egokian amaitu nuela. Gero egia da gogor egin dudala lan honaino heltzeko.
Zein izan da zehazki zuzendari artistiko gisa egin duzun lana?
Proiektu osoaren inguruan sinesgarritasun edo osotasun artistiko bat sortzea izan da nire lana. Erabaki artistikoak hartu, kolore paletak zehaztu, pertsonaien diseinuak filmerako birmoldatu… Saiatu gara ipuineko itxura antzekoa mantentzen.
Zertan gozatu duzu gehien?
Egia esan pertsonaiak diseinatzen asko gozatu dut. Alde batetik, ipuinetatik pertsonaia asko hartu ditugu, baina bestetik, berri asko sortu behar izan ditugu. Eta horien diseinatze prozesua asko gustatu zait. Orokorrean erabaki artistikoak nire kabuz hartzea gustuko izan dut.
Bestelako lanekin alderatuta lan zailagoa izan al da animaziozko film bat egitea?
Azken proiektu honek magnitude handiagoa izan du, proiektua potoloagoa izan da. Lehen filmean esperientzia batzuk bildu nituen, eta oraingoan, berriz, berri asko. Zaila bezain ederra izan da prozesu guztia.
Azken honetan, gainera, erantzukizun handiagoa izan duzu.
Bai, zentzu horretan erantzukizun handiagoa izan dut, animazio zuzendari gisa aritu bainaiz. Postu horretatik ikusita, konplexuagoa izan da prozesua, ardura handiagoa izan dut.
Paperetik animaziora, aldaketa handia dago?
Aldaketa handia da. Bi modalitate erabat ezberdin dira. Gauza bat da marrazki edo ilustrazio bat egitea eta beste bat animatzea. Are gehiago film bat egiteko bada. Hor prozesu industrialago batean sartzen zara, gauza askoz ere gehiago izan behar dituzu kontuan. Ezin duzu iritsi zuk nahiko zenukeen punturaino, beti ardatz batzuk marraztu behar dira, bestela galduko zinateke.
Film baterako pertsonai bat zerotik sortzea, ez da lan erraza.
Ez, ez da lan makala. Prozesua oso luzea da. Pertsonaia bat diseinatzetik animatzera jauzi handia dago. Animatzean batez ere luzatzen da prozesua. Fotograma bakoitzeko marrazki bat egin behar baldin badugu, pentsa, milaka marrazki egiten ditugu. Ipuinetan marrazki bakarra egin behar da, baina filmean aldiz, zientoka. Baina hemengo lan metodologiak asko laguntzen du horretan. Asko baloratzen dut hemengo lan egiteko modua. Bakoitzak pixka bat denetik egiten dugu, ez gara denak mugatzen soilik gauza bat egitera, eta hori asko eskertzen da, dinamismo bat ematen dizu gauza ezberdinak ukitzeak. Edozein lanerako denon arteko elkarlana beharrezkoa da.
Horrelako lan batean zein izaten da erronkarik handiena?
Erronka handiak gauza asko izan daitezke, baina adibidez animazioa prozesu zaila izaten da. Nik honetan ez dut parte hartu, baina gidoia egitea gauza zailenetako bat iruditzen zait. Sormen asko behar da horretarako. Gidoi horretatik sortu beharreko animatika edo storyboard-a ere prozesu konplexua da. Pelikula bat egiteko prozesu guztiek dute zailtasun puntu bat, baina egia da denbora gehien eraman dezakeen prozesua animazioa dela. Hor esku asko behar dira, eta zorionez, marrazkilari oso onak izan ditut ukondoz ukondo lanean.
Gustura geratu zara lanak emandako emaitzarekin?
Bai. Estetikoki begiratuta iruditzen zait nahiko produktu polita atera zaigula, saiatu gara dena ahal dugun hoberen egiten, eta orokorrean oso pozik gaude taldean.
Noiz erabaki zenuen mundu honetan sartu nahi zenuela?
Aspalditik datorkit marrazki zaletasuna, haurra nintzenetik. Egia esan, gerora pintura ikastaroak ez zitzaizkidan batere gustatzen, eta esaten nuen: ‘Nik hau ez dut nahi’ [barrez]. DBHn izan zen aldaketa, zorionez. Betidanik paperean marraztea asko gustatu izan zait, txikitatik marrazten aritu naiz. Heziketa alor honetan jarraitzeko aukera zegoela ikusi nuen, eta ez nuen zalantzarik izan.
Arkatza, akuarela, ordenagailua… Zein lanabes duzu gustukoen?
Denetik ukitu dut. Eskuz ere marrazten dut paperean, baina gehienbat digitala dut gustuko, ordenagailu bidezko lana. Onartu behar dut paperean ere asko gustatzen zaidala marraztea, ilustratzea. Pena da, baina papera nahiko ahaztuta daukat, uste dut berreskuratu beharko nukeela [barrez].
Eredurik gertu izan duzu? Nor jarraitzen duzu?
Betidanik Dei Gaztelumendi oiartzuarraren lanak erakarri nau, beti izan da eredu niretzat. Deiren lanak txunditu ninduen, berari esker ezagutu nuen ilustrazioaren eta pintura digitalaren mundua, eta horrek asko deitu zidan. Unibertsitatean sartzea erabaki nuen, eta gaur arte, ez naiz mundu honetatik atera.
Eguneroko lanak, nonbait ikusgai dituzu?
Instagrameko kontuan marrazki eta ilustrazioak zintzilikatzen joaten naiz, @otaiomaizter kontuan.