[Erreportajea] Begirada izango da morea
Antiju Morik taldeak betaurrekoak erantzi ditu, eta Oiartzungo Feministen Asanbladan disolbatuko da. Lanean jarraituko dute, oraindik dauden erronkak lantzen.
Desegin, talde zabalago eta anitz bat sortzeko. Hori da Antiju Morik Oiartzungo talde feministak pasa den larunbatean egin zuena. Zazpi urte baino gehiagoko ibilbideari agur esan diote, baina taldeko kideek Oiartzungo Feministen Asanbladan jarraituko dute bere jardun militantea.
Aintzane Zufiria eta Inexa Maritxalar ez ziren Antiju Morik-entalde sustatzailean egon, baina berehala bat egin zuten Oiartzungo talde feminista sortzeko proiektuarekin. 2012ra atzera jauzia eman dute, orduko giroa gogorarazteko. Orduan Killirikupe eta Helta ari ziren lanean.
«Killirikupe beti arduratu izan da emakumeak ahalduntzeaz. Antolatzen dituzten ikastaroetan parte hartzeko izena eman behar da, eta gehiago iristen ziren emakume helduengana. Egitarau itxia dute, eta beraien ardura da taldea zuzentzea», gogorarazi du Zufiriak.
Helta antzeko helburuekin sortu zen 1998an: emakumeak etxetik ateratzeko helburuarekin sortu zituzten Helduen Tailerrak. Gaur egun, baina, hasierako helburua pixka bat aldatu da, garaiak aldatu direlako: emakumeak kalean egotea lortu da, etxetik kanpo egiten dute lan…
Orduko egoera ikusita, konturatu ziren ez zegoela kalean, egunerokoan, feminismoa lantzen zuen talderik. Baina ez zuten gabezia hori bakarrik hauteman: Oiartzun herriak bere burua oso feministatzat zuen, parekidea zela-eta ez zegoela inolako arazorik.
2012an diagnosia egin zuten; talde feminista osatzeko beharra ikusi zuten
«Hirukote bat hasi zen taldea sustatzen», azaldu du Zufiriak, «eta diagnosi prozesu bat abiarazi zuten. Bertan 30 bat emakume gaztek hartu genuen parte». Sentsazioa berretsi zuen diagnosiak: talde feminista baten beharra zegoen Oiartzunen.
Diagnosian parte hartu zuten emakumeak bileretan hasi ziren parte hartzen, artean izenik ez zuenean. Maritxalar eta Zufiriaren ustez, Oiartzun nahiko herri tradizionala da, eta, gainera, ez dago isolatuta: «Gizartea bera ez da feminista, eta Oiartzun horretatik ez dago libre». Hainbat detailetan antzeman daitekeela uste dute: hezkidetzan, lan esparruan, kiroletan… Baina ez hor bakarrik.
«Estruktura bera, herria antolatzeko modua… Festetan zentratu ginen bere garaian, eta balorazioa egiterakoan, gehienak gizonezkoak ziren. Ekitaldi gehienetako parte hartzaileak gizonak ziren, jai batzordean gizonezkoak ziren. Berez ekitaldiak irekiak dira, baina inertziak eramaten gaitu gizonak bakarrik joatea», esan du Zufiriak. Aitortu dute eurek ere erreproduzitu izan dituztela inertzia horiek.
Lanean aritu ahala, indarkeria matxistaren errealitatea ezagutu dute, hasieran uste zutelako Oiartzun indarkeria matxistarik gabeko herria zela. Udalarekin elkarlanean aritzerakoan ezagutu zituzten indarkeria matxistaren zenbakiak: urruntze aginduak, salaketak…
«Hasi ginen garaietan feminismoa ez zegoen oso boladan, eta gauza horiek ez ziren ikustarazten, ez zen hitz egiten. Bagenekien gauzak bazeudela, eta pixkanaka lantzen hasi ginen, azaleratzen», hausnartu du Maritxalarrek.
Aldaketa txikia
Argi eta garbi utzi nahi izan dute Antiju Morik taldeko kideek ez dutela ezer deskubritu, beste hainbat tokitan landu izan dela feminismoa. Oiartzungo gazteen artean martxan jarri dute lanketa feminista, baina baita helduengan ere, onerako eta txarrerako.
Zufiria: «Oiartzun herri hain tradizionala izanik, uste dut gizon eta emakumeak eroso geundela. Feminismoak emakume eta gizon askoren barruan eragin du. Batzuetan onera, aldaketaren beharra ikusi dutelako. Besteek kontrakoa, pribilegioak utzi behar dituztela konturatu dira: azkenean, barne lanketa bat eta onarpen bat eskatzen du, eta hori eskatzen duen momentutik, kosta egiten da. Jende bat kuestionatuta gelditu zen pertsonalki». Erradikalak direla esan diete, eta ekintza xume batzuk kritikatu zaizkiela gaineratu dute.
Hala ere, egoera pixka bat aldatu dela baietsi du Maritxalarrek: «Hasieran egur gehiago ematen ziguten, baina orain badirudi ezin dela, ez delako politikoki zuzena feminismoaren kontra egitea. Orain dela zazpi urte errazagoa zen feminismoaren kontra egitea, eta entzun behar izan genituen. Baina beno, gaindituta ditugun gauzak dira».
Hala eta guztiz ere, lanean jarraituko dutela ziurtatu dute, orain Oiartzungo Feministen Asanbladaren aterkipean. Asanblada ez da sortu berria, eta Antiju Morik-ek, Heltak, Killirikupek zein norbanakoek parte hartzen dute bertan. «Esan dezakegu», argitu du Maritxalarrek, «Antiju Morik zela horren motorra, eta gure taldea horretan disolbatzea erabaki dugu».
Hainbat arrazoi dituzte horretarako, baina nagusiena izan da ateak zabaldu nahi dituztela. «Nabaritu dut itxitasun bat, nahiz eta talde itxia ez garen. Beti gertatzen da urteen poderioz: jendeak pertsona jakin batzuk kolokatzen ditu taldean, eta zaila egiten da jende berria hurbiltzea, nahiz eta oso prest zeuden batzuk», azaldu du Zufiriak.
Asanblada izenean zabalagoak izateko aukera ikusten zuten, eta egokitzat jo dute ahalik eta norbanako gehien biltzen dituen kolektiboaren alde egin dute. Asanbladak malgutasun handiagoa izango duela uste dute, eta konpromisoa hartzeko maila ezberdinak daudela nabarmendu dute. Zufiriak ziurtatu du ez dagoela kaptaziorik, jendea haiengana hurbiltzen delako.
Indarkeria matxistaren errealitatea ezagutu dute lanean aritu ahala
«Nik beste erakunde batzuetan militatu izan dut, eta han ia-ia jendearen atzetik joan behar izaten zen. Hemen ez. Hemen ez da hori geratzen; lan egin nahi duelako, giroa gustatu zaiolako edo beste hainbat arrazoirengatik etor daiteke», jarraitu du.
Maritxalarrek gaineratu duenez taldea gune goxoa, lasaia eta segurua izatea saiatzen dira: «Malgutasuna eskaintzen dugu. Adibidez, norbaitek esaten badigu bi hilabetez ezin duela etorri, edo bere ardurak gutxitu nahi baldin baditu, errespetatzen dugu, bakoitzaren bizitzarekin bateragarri egiteko». Onartu dute talde barruan badaudela barne botereak, baina gainditzen saiatzen ari direla.
25 bat emakume elkartzen dira Oiartzungo Feministen Asanbladan, maiztasun nahiko handiarekin. Izan ere, Antiju Morik-en atala atzean uzteak ez du esan nahi aurrera begirako erronkarik ez dutela, borroka feministan aurrerapausoak ematen jarraituko baitute. Aurten, bereziki, zaintzaren gaia landuko dute.
Taldeko kideen elkarren arteko zaintzari buruz ari dira, baina zaintza bere osotasunean jorratzen saiatuko dira: bakoitzaren zaintza, ondokoarena, pertsona zaharrena… «Eta zaintza kontzeptuarekin emakumeek duten lotura, noski».
Zazpi urteetan egindako lanari errepaso txikia eman diote. Aldaketa nabarmenena da feminismoak zilegitasuna irabazi duela, baina horrek duen arriskuaz ohartarazi dute: «Horrek dakarrena da mundu guztiak nahi duela feminista domina jarri, horrelako politikarik egin nahi izan gabe eta aldaketarako prest egon gabe. Orain arriskua hor dago».
Feminista izateak lan bat suposatzen duela adierazi dute, eta ez dela nahikoa bakoitzaren burua feministatzat jotzearekin.
Nabaritu dute Oiartzungo Udalak baduela jarrera ezberdin bat. Feminismo Saila sortu zen duela bi urte pasatxo, eta uste dute taldearen lanaren ondorioetako bat izan dela. «Oraindik asko dago egiteko, baina bada pauso bat», ebatzi dute. Indarkeria matxistari buruz ere askoz gehiago hitz egiten da egun.
«Hala ere», zehaztu du Maritxalarrek, «horrekin bukatzeko eman beharko liratekeen pausoak sakonagoak dira. Euskal Herrian eta munduan iruditzen zait atzerapausoak ematen ari direla: rolen bereizketa goiztiarra, gazteen arteko maitasun erromantikoa, kontrola… Erronka berriak daude, arriskutsuak direnak».
Aurrera begira dauden arren, Maritxalarrek aitortu du pena pixka bat baduela, Antiju Morik bezalako izen bat gehiago erabiliko ez dutelako. Zufiriak, berriz, kontrako sentimendua dauka: «Ez dit batere penarik ematen. Prozesu aberasgarri baten bukaera da. Loraldi bat izan da, eta ondorioetako bat izan da izen aldaketa. Esentziak hor jarraituko du».
Borrokak aurrera egingo du, baina oroitzapenak geldituko dira
Eremu ideologikoaz gain, pertsonen arteko harreman sareak izan ohi dira taldeak. Antiju Morik «familia» bat izan dela ziurtatu dute Maritxalarrek eta Zufiriak. Maritxalar jaiotzez pasaitarra da, eta Oiartzunera bizitzera joan zenean talde feminista tresna baliagarri suertatu zitzaion: «Familia bat sortu dugu, eta ikaragarria izan da. Konfiantza eta babesa aurkitu dugu, eta gauza pila bat landu ditugu».
Zufiriarentzat hezteko tokia izan da taldea, hausnarketa batean egon direlako. «Lagun talde bat izan da, sare bat, konfiantza ematen dizuna eta jakingo duzula beti hor egongo dela. Familia hitzak laburbiltzen du zer den». Indarkeria matxista jasan duten emakumeak hurbildu zaizkiela jakinarazi du; erreferente bilakatzeak pozten ditu.
Urte luze hauetako momentu gogoangarrienak zerrendatzen hasi dira biak ala biak. Zufiriak 2017ko azaroaren 25eko ekitaldia gogoan du.
Kontzejupean elkartu ziren, eta herriko hainbat emakume eta eragileek beren jarduna taularatu zuten. Gainera, Fermiñenen dagoen harigrama osatu zuten.
Maritxalarrek gogoan du 2018ko xanistebanak prestatzeko batzarrean 100 emakume elkartu zirenean. Urte hartan bertan, Martxoaren 8ko plantoa oso indartsua izan zela nabarmendu dute, baita 2019koa ere. «Lan baten ondorio izan dira». Horrez gain, Lilatoian parte hartzeko entrenamendu taldeak ere gogoan ditu. Txandak egiten zituzten, prestaketa saioak gidatzeko. Urte batean saria jaso zuten Lilatoiko talde jendetsuena izateagatik.