Esklerosiari aurre egiteko, igeriketa solidarioa
ADEMGI Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren elkartearen aldeko igeriketa proba egingo dute hilaren 29an 15:30ean Galtzarabordako Udal Kiroldegiko igerilekuan.
ADEMGI Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren elkartearen aldeko igeriketa proba egingo dute hilaren 29an 15:30ean Galtzarabordako Udal Kiroldegiko igerilekuan. Taldekakoa izango da, eta parte hartzaileek 100X50 metroko taldekako errelebo lasterketa egingo dute; proban biltzen den diru guztia ADEMGI elkartearentzat izango da.
Talde bakoitzak bost partaide izan beharko ditu gutxienez, eta hamar gehienez, eta ez da hamabi taldetik gora onartuko. Talderik gabe dagoen jendeak ere eman dezake izena, eta lehiaketaren egunean bertan antolatzaileek talde bat esleituko diote. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute Galtzarabordako kiroldegiko harreran (943 449 690) edo Fanderiakoan (943 344 423), eta bazkideek 5 euroko dohaintza eta ez bazkideek 6 eurokoa egin beharko dute.
On line ere eman dezakete interesdunek izena; kasu horretan, taldearen izena, parte hartzaileen datuak (izen abizenak, NA, jaiotze data, harremanetarako telefono zenbakia, helbide elektronikoa) eta La Caixa ES32 2100 4982 3922 0006 6823 kontu korrontean partaidetzaren zenbateko osoaren ordainagiria. Kontzeptuan taldearen izena adierazi beharko da.
Proban zehar, parte hartzaileek janari postu bat izango dute. Horretaz gain, lehiaketa amaitzean, parte hartzaileak kiroldegian bertan eskainiko duen lunch batera gonbidatuta egongo dira. Gainera parte hartzaile guztiek hainbat opariren zozketan parte hartuko dute.
Galtzarabordako igerilekua itxita
Lehiaketa hori dela eta, Galtzarabordako Udal Kiroldegiko igerilekuak itxita egongo dira jendearentzat 15:00etatik 17:00etara. Instalazioko gainerako guneak irekita egongo dira ohiko ordutegian. Nahi duten pertsonak Fanderiako Udal Igerilekura joan daitezke ordutegi horretan.