Zaldibarko hondamendia argitzeko eskatuko dute bihar
Elkarretaratzea antolatu dute asteazkenerako, Oiartzungo udaletxearen aurrean. Hondakinen "zentzuzko kudeaketa" eskatuko dute.
Bost egun pasatu dira Zaldibarko zabortegiko hondamendia gertatu zenetik, eta kezkak, uxatzetik urruti, oso presente daude. Lurperatutako bi langileek erreskatatu gabe jarraitzen dute, eta osteguneko luiziaren eta hark azaleratu duen guztiaren pistak pixkanaka jakinarazten hasi dira.
Atzo Eibarren, Zaldibarren, Mallabian, Ermuan eta Markinan deitutako manifestazioetan elkartu ziren ehunka herritar. Verter Recycling 2002 enpresak kudeatzen duen zabortegian zer gertatu den argi dadin eskatzeko. Bihar Oiartzunen egingo dute elkarretaratzea. 19:00etan geratu dira, udaletxe parean.
Hondakinen “zentzuzko kudeaketa” eskatuko dute. Horrela, Bizkaiko zabortegiarena argitzeaz gain, Zubietako errauste planta gelditzeko galdegingo dute biharko elkarretaratzean.