Arnasa, Mindara eta Juneren Hegoak elkarteen lana omendu dute
Bizipoza elkarteak bere azken dokumentala aurkeztu zuen atzo Errenteria-Oreretan, eta horretaz gain, Bizipoza bera osatzen duten laguntzarako zenbait elkarteen errealitateak islatzen dituzten dokuweb batzuk ere aurkeztu zituzten.
Bizipoza elkarteak bere azken dokumentala aurkeztu zuen atzo Errenteria-Oreretan, eta horretaz gain, Bizipoza bera osatzen duten laguntzarako zenbait elkarteen errealitateak islatzen dituzten dokuweb batzuk ere aurkeztu zituzten. Anabel Arraiza aktoreak eta Luisma Laboa kazetariak aurkeztu zuten ekitaldia, eta Bizipozaren izenean eskerrak eman zizkieten Arnasa, Mindara eta Juneren Hegoak elkarteei Oarsoaldean egiten duten lanagatik. Arnasa, Fibrosi Kistikoa kudeatzen duen elkartea da, Mindara dibertsitate funtzionala duten adin txikikoen familien elkartea da, eta Juneren Hegoak, gaixo dauden haurren familiei laguntza ematen dien elkartea da.
Hiru elkarte horien izenean mintzatu zen Beatriz Martin Juneren Hegoak elkarteko boluntarioa, eta eskerrak eman zizkien Errenteriako Udalari, familiei, boluntarioei eta Bizipoza osatzen duten elkarteei “konplizitateagatik” eta eskainitako laguntzagatik.
Landarbaso abesbatzaren barruko Kontari abesbatzak jarri zuen ahotsa eta girotu ekitaldia Agur Jaunaren bertsio berezi batekin, Larraitz Etxebeste dantzariak eta Xabier Vesga txistulariak lagunduta. Xenpelar Bertso Eskolako Jokin Irastorzak bertso batzuk bota zituen, elkarte hauen eta bertan ari diren boluntarioen lana aitortzeko.