Elikadura iraunkorra eta klima aldaketaren gainean arituko dira ikasleak
Eskolako diagnostikoa egin dute ikasleek lehen hiruhilekoan, eta orain, herriko diagnostikoa egiten hasiko dira parte hartzen duten 4.800 ikasleak.
Elikadura iraunkorra eta klima aldaketa da aurtengo Eskolako Agenda 21eko gaia, eta abian da dagoeneko. Zehazki, eskolako diagnostikoa egin dute ikasleek lehen hiruhilekoan, eta orain, herriko diagnostikoa egiten hasiko dira parte hartzen duten 4.800 ikasleak. Bizarain LH ikastola, Bizarain DBH ikastola, GCristobal Gamon LHI, Don Bosco, Egiluze Gurutzearen Alabak, Koldo Mitxelena Intsitutua, Orereta Ikastola eta Telleri Alde Ikasetxeak hartzen dute parte.
Gaztetxoenek bertako eta garaiko elikagaiak ezagutu eta etxeetan ditugun ohiturak aztertuko dituzte. Kalera ere irtengo dira, janari dendetan salgai dauden elikagaien jatorriaz galdetzeko. Ersoketetan ari direnekin hitz egiteko ere aprobetxatuko dute, erosketa egiteko garaian zein lehentasun dituzten ezagutzeko; besteak beste, elikagaien jatorria kontuan hartzen duten, edota garaikoak diren edo ez axola zaien galdetuko diete.
Bigarren Hezkuntzako ikasleak, berriz, janari xahuketaren gainean arituko dira, eta halaber, Errenteria-Oreretan modu osasuntsu eta iraunkorrean elikatzeko dauden aukerak ere aztertuko dituzte eragile ezberdinekin hitz eginda: azoka, Arramendiko baratze parkea, Labore Oarso kooperatiba, Azabaratza kontsumo taldea… Azkenik batxilerreko ikasleek gosearen arazoa eta transgenikoen gaia ikertuko dituzte.
Hilaren 18an (asteartea) kaleetara aterako dira ikasleak aurtengo diagnostikoa gauzatzeko. Janari dendetan, taberna eta jatetxeetan herritarrei galdetuz Errenteria eta bertako biztanleen artean elikadura iraunkorrak duen garrantziaz jabetuko dira.