Sanpedrotarrek barrutian bertan ospatuko dituzte inauteriak
Arratsaldera arteko egitaraua antolatu du San Pedroko Jai Batzordeak. Herri bazkarirako txartelak dagoeneko salgai dira.
Inauteriak hasteko astebete baino ez falta dela, hilaren 22rako (larunbata) egitaraua ezagutzera eman du San Pedroko Jai Batzordeak. Ez da aitzakiarik izango beraz, herritik ateratzeko. Arratsaldera arteko plana antolatu dute. Mozorroek goizetik girotuko dituzte San Pedroko kaleak. Herri bazkarira ere joateko aukera izango du nahi duenak. Sarrerak Begi Haundi tabernan eta Antxeta zein Piña elkarteetan izango dira salgai. Txartelak erosteaz gain, interesdunek posta elektronikoz izena eman beharko dute. Hilaren 18ra arte eman ahalko da izena. Gurasoen artean bestalde, taldetxoa osatu beharko da bazkalorduan haurrak zaintzeko.
Digestioa egin ondoren, mozorroak harrotasunez erakusteko garaia izango da, 17:00etan hasiko baita desfilea. Hura amaituta, jaiak ez du etenik izango, Javi DJa musika jartzeaz arduratuko da eta. Musika jakin bat behar izanez gero, nahikoa izango da USB batean eramatea, edota zuzenean DJari posta elektronikoz bidaltzea.
San Pedroko inauterien egitaraua.
Otsailak 22, larunbata
- 10:00: Diana txistulariekin.
- 12:00: kalejira txarangarekin.
- 14:00: Bazkaria. Sarreren helduak 16 euroan daude salgai Begi Haundin eta Antxenak. Haurren txartelak 4 euroan, Piña Kurdin.
- 17:00: Desfilea frontoian.
- Ondoren: Javi DJa.