«Karitate hutsa baino gehiago da lankidetza»
Sendagile bezain ekintzaile da Paulin oiartzuarra, eta besteak beste, Mundubat Fundazioarekin kolaboratzen du, batez ere, Tindufeko errefuxiatuen guneetan. Lankidetzari elkartasunetik ekiteko garrantziaz hitz egiten aritu da HITZArekin.
Zer da nazioarteko lankidetza?
Elkartasunarekin lotzen dut nik lankidetza. Karitate hutsa baino askoz ere gehiago da lankidetza. Karitatearena prozesu hutsala da gaur egun, ‘tori sosa batzuk nik nire bizitzarekin jarraituko dudala, eta ez zait inporta errealitate horren atzean dauden arrazoiak’. Elkartasunak besteekiko interesa eta enpatia izatera behartzen gaitu; zein den arazoaren muina, zergatik gertatzen den eta nondik datorren. Horren arabera, askoz ere hobeto ulertuko dugu zein den gure ardura eta zer egin dezakegun une zehatz batean egoera jakin bati aurre egiteko.
Aukeratutako hitzak garrantzitsuak dira, ezta? Ez da berdina ‘laguntza humanitarioa’ edota ‘elkartasun internazionalista’ esatea.
Arlo honetan sarritan kontzeptu guztiak nahastu ohi dira, eta ez da egokia. Solidario hitza errazegi erabiltzen da gaur egun, eta kontuz ibili behar dugu. Esan bezala, askorentzat nahikoa da limosna txiki bat ematearekin. Nire ustez, elkartasun hitzak,konpromisoa dakar, bidegabea den egoera baten salaketa. Arrazoiketa eta hausnarketa sakonagoa eskatzen du.
Begira diezaiogun zure liburuaren izenburuari (Cooperación, verdades, mentira y vivencia de una ¿utopia?) . Zeintzuk dira lankidetzari lotutako gezurrak?
Funtsean, nazioarteko lankidetzak ematen dituen irudi faltsuak eta azalpen mugatuak. Hedabideek zeresan handia dute honetan, azaleko gertakarietan oinarritzen baitira, herrien arteko desberdintasunen atzean dauden arrazoiei begiratu gabe. Gerraosteko testuinguruetan argi eta garbi ikusten da hori. Gobernuz kanpoko erakunde eta nazioarteko erakundeen lanari esker herrialdeak aurrera ateratzen ari direla esaten digute as-kotan.
Gutxitan publikatzen dute, ordea, gure herrialdeek gerra horien sorreran eta garapenean izan duten ardura. Euskal Herriko jende gehienak badaki urtero haur sahararrak iristen direla gurera, eta herri askotan Mende-baldeko Sahararekiko elkartasun taldeak daudela. Gutxik dakite, ordea, zein den bertako egoeraren arrazoia eta gure agintariek izan duten ardura.
«’Elkartasun’ hitzak konpromisoa dakar, bidegabe den egoera baten salaketa»
Hedabideek, gainera, elkartasun mezu desegokiak bidaltzen dituzte maiz. Eredurik onena telemaratoiena da. Ustez helburu zintzo bati jarraiki egiten da, baina lortzen dutena da jendeak pentsatzea egun jakin batzuetan. izan behar dugula eskuzabalak eta gainera, erakunde batek antolatutako ekintzari esker.
Eta zeintzuk dira orduan egiak?
Zaila da horiek zehaztea, baina badira. Hainbat gako aipatu ditut jada: elkartasuna, konpromisoa, errespetua… Kontzeptu horiek guztiz beharrezkoak dira talde batean gauzak beste modu batera egiteko. Gako horiek biltzen dituzten ala ez, banan-banan, elkartez elkarte neurtu behar da. Baina argi gera dadila talde guztiak ez direla berdinak.
Herritarrek solidario izateko konpromiso handiago erakutsi behar dute?
Nire ustez denon iritzi eta pentsamoldeak errespetatu behar dira. Izan daiteke jende askok sen solidario hori hain garatua ez izatea, baina horrek ez du esan nahi ezer egin behar ez dutenik. Jakin behar dute non eta noiz izan daitezkeen lagungarriak.
Eta nola jakin dezakete hori?
Hori da gakoa, askok ez dakitela.Hau nire hausnarketa propioa da; niri iruditzen zait jende asko, zintzoa izan arren, aitzakien atzean ezkutatzen dela; ez dutela dirurik, lapurtzeko modu bat dela, politikarien interesak direla, etxekoei lagundu behar zaiela lehenik eta horrelakoak. Ados, edonork pentsa dezake nahi duen erara, baina denok egin dezakegu zerbait. Nahikoa da inguruan daude taldeen lanarengan interesa agertzea. Galdetu, entzun eta bilatu, hori da eginbehar dutena. Etxean eserita gelditzea da aukerarik errazena.
«Jendeak jakin behar du non eta noiz izango diren lagungarriak»
Zergatik begiratzen du jendeak orduan beste alde batera?
Erosotasun hutsagatik. Gaur egun jendeak askoz ere informazio gehiago du, baina beste alde batera begiratzen jarraitzen dute askok, hori delako erosoena. Aurrekoan jaka bat erostera joan nintzen eta hainbat galdera egin nizkien dendako arduradunei; non egin zen, zer prozesurekin, nondik zetorren… eta ez ziren gai izan galderei erantzuteko. Gaur egun aski ezaguna da arropa industriaren atzean zer dagoen; zein baldintzetan dauden langileak, zein ondorio dituen ingurumenean eta enpresen kapitala herrialde aberatsena dela. Hori badakigu. Jendeak, baina, nahiago du arropa asko eta merke erosi.
Lankidetza apolitikoa izan daiteke?
Itxurak egitea bada helburua, apolitikoa izatea oso ongi dago, ez soilik lankidetzan baizik eta arlo askotan. Badirudi politikarekin harremanik ez izatea gauzak hobeto egitearen baliokide dela, eta horrek gaitzen gaituela neutraltasunez jokatzeko. Baina politika dena da. Denari eragiten dio.
Orduan, herrien arteko desberdintasunak erabaki politikoen ondorio badira, zergatik esaten da lankidetzak apolitikoa izanbehar duela?
Lankidetza proiektu baten kudeatzaileak ezin direlako ideia politiko baten azpian egon, berez hori da arrazoia. Baina politikak denari eragiten dio. Ideia politiko jakin batzuk edukitzeaz gain, erakundeek interes ekonomikoak edo erlijiosoak badituzte. Mendebaldeko Sahararekiko Espainiako Estatuaren jarrerak ongi frogatzen du zer nolako zentzugabekeria den.
«Elkartasuna gure bizimoduan txertatzeko gai izanbehar dugu»
Estatuak dio gobernuz kanpoko erakundeek ezin dituztela izan motibazio politikoak, eta horietako asko babesten ditu. Estatuak, ordea, uko egiten dio gatazkaren jatorrian izan zuen ardurari, eta Mendebaldeko Sahararen okupazioa berean jarraitzearen alde egiten du. Hori mugimendu politiko bat da. Alde batetik laguntza humanitarioa sartzen uzten dut, baina status quo politikoa aldatzeko neurririk ez du hartzen.
Agintari baten ala beste baten alde bozkatzea, orduan, erabakigarria da lankidetzari dagokionez?
Bai, Sahararen kasuan, gobernuak aferarekiko duen jarrera nabarmen alda dezakeelako. Gauzak banatzeko ohitura txarra dugu. Uste dugu nazioarteko lankidetza gauza bat dela eta gure gizarteko barne egoera politikoa beste bat dela. Baina ez da hala. Ezin duguna egin da elkartasuna erakutsi atzerrian gertatzen ari den gai batekiko, eta gero etxean elkartasun horrekiko zentzuzko ez izan. Elkartasuna gure bizimoduan txertatzeko gai izan behar dugu.