[Bideoa eta galeria] Zapo harro legoke
Oiartzungo Ihoteetan gaur kuestazioaren eguna da. HITZA Iturriotz auzoan izan da, kuestazioaren hasieran, iaz hil zen Ion Zabaleku 'Zapo'-ren auzoan.
09:30ean zeuden geldituta, baina 10:00ak ondo pasata izan arte ez dira hasi Oiartzungo Iturriotz auzoko taldekoak kuestazioarekin, “Oiartzungo ohitura da denarekin berandu hastea”, esan du taldeko kide batek. Uste baino beranduxeago, baina iturrioztarrak fin-fin bildu dira ohitura sendo bihurtu denera: Ihoteak ospatzera, eta larunbateko kuestazioa baserriz baserri eta auzoan egitera. Pozik zeuden partaideak jarduerarekin hasi baino lehenago, egun sanoan, fresko samar goizean hala ere. Eta izen bat gogoan, Ion Zabaleku Zapo.
Oiartzungo zortzi auzoetan atera dira gaur kuestazioa egitera baserriz baserri, Ihoteen bigarren eguneko, larunbateko, jarduera nagusia izaki. HITZA, aurreko urteetan beste auzo batzuetan egin bezala, Iturriotzen izan da bertako kuestazioaren hasieran. Geroago, beste auzoetako irudiekin kuestazioaren irudi galeri handia publikatuko du hedabide honek.
Iturriozko taldearen gidaritzan diren Iker Aizpurua eta Goiaitz Beratarbidek HITZAri aitortu diote entseguetan ez direla asko aritu, bapatekotasunaren fio dira, unearen magiaz. Bekosoro plazan bildu dira, haur, gazte eta heldu. Talde majoa, handia. Asier Olaizolak trikitia sutan jarri duenean hasi dira martxarekin, “lehenbizi Garaño baserri aldera joango gara, gero Olazira, eta handik Oiartzabalberri, Arbide… Baserrietan ibiliko gara gehienbat. Ondoren auzora jaitsiko gara berriz ere”. Hori bai, zapi eta besoko urdina ez zaio inori falta.
Ion Zabaleku Zapo iazko apirilean hil egin zen. Ihoteak oso gustuko zituen, pasioz bizi zituen. Horiek indartzeko lan handia egindakoa zen, beste askoren artean. Eta Iturriozkoak bereziki prestatzen zituen, hangoa zen. HITZArekin hizketan izan diren auzokideek esan dute ez diotela gaurkorako oroimen ekitaldi berezirik prestatu Zabalekuri, “omenaldia egina dago. Berriz ere ateratzea da egin diezaiokegun omenaldi onena. Jarraitzea. Hura ez zen omenaldien eta horrelakoen zalea. Ondo pasatzea zuen helburu, eta guk hala egingo dugu”. Gaurkoa ikusita, jendetza bildu dela jakingo balu, auzoko biribilgunea apainduta dagoela ikusiko balu, harro legoke Zapo. Olaizola trikitilariak adierazi du detaile txikienak ere zaintzen zituela Zabalekuk, ‘gaur, Zapo falta nau’, esan du.
Baserri eta auzo buelta egin, elkartean bazkaldu, eta arratsalde aldera Elizaldera, herriaren zentrora nolabait, igoko dira kuestazioan parte hartu duten auzo guztietako lagunak. Handik aurrera, festa handia.