Ibaiondoko kantinaren lizitazioa bertan behera uzteko eskatu du EH Bilduk
Ibaiondo frontoiko tabernan terraza berria egiteko, udalak diru publikoa eman izana gogor salatu du koalizio soberanistak.
Antxoko Ibaiondo pilotalekuko kantinan edukiontziz osatutako terraza bat jartzea diru publikoarekin “onartezina” dela nabarmendu du Pasaiako EH Bilduk. Erabakiak ere, Antxoko ostalari eta merkatarien haserrea eragin du, diru publikotik konpetentzia egin nahi zaiela ulertzen baitute. Antxoko ostalariekin eta Laurak Bat merkatari elkartearekin bildu ondoren, haien salaketa babestea erabaki du EH Bilduk. Ondorioz, kantinaren lizitazioa “lehenbailehen bertan behera uzteko” eskatu diote EAJk eta PSEk osatutako udal gobernuari.
Koalizioaren iritziz, kantina dagoeneko ongi hornituta dago eta zentzugabekotzat dute Pasaiako Udalak edukiontzi bat erosteko agertu duen interesa, “ez dugu ulertzen ze behar duen Pasaiak momentu honetan halako edukiontzi bat erosteko, jakinik, edukiontziak erabilera pribatua izango duela eta ez publikoa”. 2015ean udalak 14.900 euro gastatu zituen kantina hornitzen, hura lizitatu ahal izateko.
Iazko apirilean hirigintza zinegotziak Antxoko pilotalekuaren alboan estalki bat jartzeko proiektua eskatu zuela oroitarazi du EH Bilduk, “11.800 euroko kostua izan zuen eta proiektua oraindik aurkeztu gabe dagoelarik 32.000 euroko edukiontzi bat erosteko prozesua abiatu du udalak”. Diru publikoa bidegabe kudeatu delakoan, proiektura bideratu den diru kopura “zakarrontzira bota” dela diote EH Bildutik. Hutsik gelditzen den Kantina baten lizitazioan 58.700 euro gastatzeak zertarako balio duen galdegin diete EAJ eta PSEri.
Edukiontzia “ez da lehentasuna” abertzaleen ustez. Pasaiak aspalditik dituen beste gai garrantzitsu batzuei kasu egitea eskatu diote udal gobernuari, tartean, segurtasunari jatorritik helduko dion planari, herri barneko mugikortasunari edota aparkalekuen berrantolatzeari.