Juan Mari Etxabe, Donostia-Arraun Lagunak-era
Juan Mari Etxabe oiartzuarra Donostia-Arraun Lagunak taldearen talde teknikoan izango da aurrerantzean. Bateleren loraldiaren arduradunetakoa izan zen.
Azken urteetan San Juan-Koxtapen entrenatzaile bezala ibili eta gero, Juan Mari Etxabek Donostia Arraun Lagunak taldeko talde teknikora jauzia ematea erabaki du. Arraun Lagunak-en Instagram kontuan agertzen denez, egungo arduradun teknikoen taldea osatuko du, emakumeen trainerua laguntzeko.
Horrela, Donibanen abian zuen ibilbidearekin bukatzea erabaki du oiartzuarrak. Arraunean urte luzez aritu eta gero (Donibaneko elkarteetan eta kanpoan), entrenatzaile izatera pasatu zen (herrian eta kanpo ere bai bide luzea egina du). Hala, arrakastarik handienak San Juango emakumeen traineruarekin lortu zituen, Batelerekin. 2016ra arte izan zen horien entrenatzaile. Urte horretako udazkenean gizonen traineruaren entrenatzaile izatera joan zen.
2018an, arrosen gizonen traineruaren gidaritza hartu zuen. Urte iluna izan zen, Eusko Label Ligatik jaitsi zelako. Iaz ere gizonen taldea entrenatzen hasi zen, baina sasoiaren erdialdean Jose Luis Kortak ordezkatu zuen karguan.