Añarben legez kanpo bazkan ari diren behiak ken ditzatela eskatu du udalak
Behien jabeei martxoaren 4ra arteko epea eman diete behiak bertatik kentzeko. Onura publikokoa da ingurua, behiek debekatua dute bazka egitea.
Añarbe ingurua onurua publikokoa da, eta babestua dago. Errenteriako Udalak jakinarazi du Añarben legez kanpo bazkan ari direla hainbat behi. Horien jabeei oharra bidali die: menditik kendu behar dituzte martxoaren 4a baino lehen. Hori egin ezean, Errenteriako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak dituzten mendi eta bioaniztasuneko zerbitzuen bitartez behi horiek bertatik ateraraziko dituztela jakinarazi dute.
Udalaren arabera, behi horien jardunak eragina du Añarbeko habitat naturalean, espezieetan eta zuhaiztietan. Hala, Aiako Harriko Parke Naturaleko Natur Baliabideen Antolamendurako Planean, nahiz aldundiaren hainbat ebazpenetan jasotakoaren arabera, legez kanpo ari dira bazkan behi horiek. Eta behiak kentzerako orduan aldundiaren ondarezko mendietan nahiz onura publikokotzat deklaratutakoetan ganadua larreratzeko arauak ematen dituenean agintzen dena aplikatuko da.
Kasu horretan, abere jabeek ez dute erreklamatzeko inolako eskubiderik.
