[Kronika] Emakume ‘eroen’ erresistentzia
Buru gaixotasunak feminismotik begiratzen ari dira Oiartzunen. Itxaso Martinek frankismo garaian ingresatutakoen hainbat kasu partekatu ditu.
Buru gaixotasunei begirada feminista bat emateko zikloa antolatu du Oiartzungo Feminismo Sailak. Izan ere, udalak onartu zuen bere erabaki guztietan ikuspegi feminista egon behar zuela, bai erakunde barrukoak, baita herriari zuzendutakoak ere.
Arraztalo gaixo psikikoen senideen elkartearekin elkarlanean ari dira aspalditik, eta buru gaixotasunei ikuspegi feminista hori txertatzeko helburuarekin antolatu dute zikloa. Gainera, Feminismo Sailak azaldu duenez, zaintzaren kontzeptua ere bertan sartu dute.
Horrez gain, buru gaixotasunei buruz hitz egiten denean, aurreiritzi eta tabu asko daude oraindik, eta horiek mahai gainean jarri nahi izan dituzte. Bizitzaren beste hainbat esparrutan bezala, emakume eta gizonen artean ere ezberdintasunak daude.
Gaia jorratzeko bi aditu gonbidatu dituzte aste honetan. Atzo arratsaldean Maria Zapatak depresioari buruzko hitzaldia eman zuen. Oso feminizatuta dagoen gaixotasuna da —pairatzen dutenen bi herenak emakumeak dira—, eta eritasun horri aurre egiteko hainbat aholku eman zituen Zapatak.
Asteazken arratsaldean, berriz, Itxaso Martin Zapirain ikerlariak frankismoan zentro psikiatrikoetan sartuta zeuden emakumeen istorioak partekatu zituen.
Isiltasuna, abiaburu
Martin antropologoa da formazioz, eta bere tesiaren ardatz dira frankismoaren lehen urteetan —1950era arte— eroetxeetan sartuta zeuden emakumeak. Dena familian zegoen isiltasunarekin hasi omen zen: Martinen birramona zena ingresatuta zegoen, eta etxean gaiari buruz ez zen hitz egiten.
Martin bera psikologoarengana joaten hasi zenean, isildu egin zuen kasua, psikologoak ea aurrekaririk zuen galdetu zioenean. «Ezetz esan nion, nire patuaren beldur nintzelako. Hala ere, nire birramonaren kasuari buruz gehiago jakiteko harra sartu zitzaidan. Antropologia ikasten ari nintzen, eta Mari Luz Esteban irakasleak animatu ninduen ikertzera», azaldu zuen.
Zehaztu zuenez, gaixotasun psikikoa baino, nahiago izan du ero terminoa erabili: «Gaixotasun psikikoa esaten duzunean badirudi zerbait aseptikoa dela, inguruak baldintzatu gabea. Eta nik guztiz kontrakoa adierazi nahi nuen». Ikerketarekin, memoriaren errelato ofizialetik kanpo geratzen den jendearen istorioak bildu nahi izan ditu. «Azpimemoria» hori osatzeko, baina, datu oso gutxi izan ditu: «Isiltasunak eta tabuak zein ziren aztertuta, garaiko gizartea nolakoa zen jakiteko aukera ematen du».
1937 eta 1950 urteen artean zentro psikiatrikoetan ingresatuta egon ziren lau emakumeren istorioak hurbilarazi zizkien pleno aretora hurbildu zirenei. Esan zuen zailtasunak izan zituela datuak biltzeko, batez ere zentro psikiatriko publikoetan —ingresatutakoen txostenek lerro gutxi zituzten—. Datuak jasotzearen truke, anonimotasunean gorde behar zituen izenak.
Bere birramonaren istorioarekin hasi zen Martin: 42 urterekin ingresatu zuten, abortu bat izan ondorengo «malenkoniagatik» —aurretik bost ume zituen—. Ingresatutakoan, bakarrik egoten zela adierazten dute zentroko txostenek, baina urteak pasatu ahala gustura zegoela han.
Ingresatutako andreen azpimemoria egitea aldarrikatu du Itxaso Martinek
51 urte eman zituen ingresatuta, eta lehen hogei urteetan ez zuen bisitarik jaso. Izan ere, bera han zegoela ezkutatu zen, eta bi seme-alaba Gerrako haur bezala eraman zituztela Belgikara. Senarra zena 1982an hil zen —nahiz eta berak alarguntzat zuen bere burua—; etxera bueltatzea eskaini zioten, baina uko egin zion. Lau urte geroago hil zen.
Bigarren kasuko protagonista Teresa da, 19 urteko bilbotarra. 1944an zortzi hilabetez ingresatuta egon zen, eta mediku txostenen arabera, joera lesbikoak zituen. Bere burua menperatu nahi zuen, eta elektroshockak eskatzen zituen. Bere burua bekataritzat jotzen zuen.
Elektroshockak jasotzen zituen beste kasua Carol belgikarrarena zen. Botere frankistarekin harreman onak zituen arren, ingresatu egin zuten, «eskandalua, itxurakeria eta ezkontzaz kanpoko harremanak» izateagatik.
Laugarrenari Josefa izena jarri zion. Senarra bisitan joaten zitzaionean urduri egoten zen, eta urrun zuenean, pozik. Senarrak zentrokoei eskatzen zien hainbat gauza debekatzeko: gasturik ez, irteera gutxi egin zitzala, telefono deirik egin ez zitzala… «Medikuek», zehaztu zuen Martinek, «aholkatu zuten onena senarrarengandik banatzea zela, baina orduan debekatuta zegoen…».
Psikiatria eta morala
Frankismoak genero sistema berria ezarri nahi zuela gogorarazi zuen Martinek, eta horretarako erabili zituen Sekzio Femeninoa eta Eliza.
Gizonaren menpe zeuden, eredu amatiar eta otzanetik aldentzen zena zigortzen zuten, eta errudun sentiarazi. Gainera, eredu psikiatrikoak —nazien Alemaniatik kopiatutakoa— emakumeak biologikoki ezberdinak zirela ezarri zuen. «Gizonek psikoterapia egiten zuten, ez ordea emakumeek, esaten baitzen adimen txikiagoa zutela».
Martinek ikerketan ondorioztatu duenaren arabera, psikiatrikoetan zeuden emakumeetako asko ez ziren biktimak, erresistenteak baizik. Hitzaldiaren bukaeran, entzuleek hitza hartu zuten, eta haietako batek galdetu zuen ea gauzak gehiegi aldatu diren estigmari dagokionez. Martinek erantzun zion psikiatria oso lotuta dagoela garaiko moralarekin. «Hemendik 30 urtera egungo gauza berberak esango al ditugu?».
Zauria(k) dokumentala, zikloa ixteko
Aste honetako bi hitzaldiak dokumental emanaldi batekin biribilduko dira. Datorren ostegunean, 19:00etan (udaletxean), Zauria(k) dokumentala eskainiko dute. Tratamendu psikologikoa jaso duten hainbat emakumeek beren testigantzak ematen dituzte. Horietako batzuk Oiartzunera gonbidatuko dituzte, solas egitera.