[Erreportajea] Kultur etxean ebaluatzen denean
Oiartzoko ikasleek ‘Azalaren azpian’ erakusketa zabalduko dute astelehen arratsaldean, Xenpelar Etxean, bigarren hiruhilekoan sortutako lanekin.
Zamalbide auzoan zaildutako arte sorkuntzak ikusteko aukera egongo da datorren aste osoan zehar. Adierazpen Teknika Grafikoko ikasleek bigarren hiruhilekoan egin dituzten lanak ikusteko aukera egongo da, Errenteria-Oreretako herrigunearen bihotzen bertan: Xenpelar Etxean.
Oiartzo Batxilergo Ikastolako bigarren mailako ikasleek Azalaren azpian erakusketa inauguratuko dute gaur, 16:30ean, eta datorren astean ikusteko aukera izango da, 17:00etatik 20:00etara bitartean.
Lehenengo aldia izango da ikasgelan egindako lana areto batean erakutsiko dutena. Araitz Olaiz irakasleak esan duenez, «txiripaz» sortu zen aukera hori: «Iaz DBHko ikasleak etorri ziren, Oiartzo ezagutzera, eta haiekin batera etorri zen irakasleak iradoki zigun erakusketa bat egiteko herrian, berak bazuela harremana. Kultura teknikariarekin elkartu ginen eta dena lotu genuen».
Ordura arte ikasgelan edo korridorean erakutsi zituzten lanak, baina proposamena jasota, jauzi hori ematea erabaki zuten, sarrera librea duen herriko erakusketa aretoan. Horrek, baina, prozesuaren epeak betetzera bultzatu zien. Ikasleei hasieratik esan zieten erakusketa egingo zutela, eta horrek askotariko erreakzioak sortu zituen euren artean.
«Batzuk baikorragoak ziren, eta beste batzuk sinesgaitzagoak. Galdetzen zuten ea nor joango zen beren lanak ikustera. Nik esaten nien baietz, badakitelako egiten diren lanak onak izaten direla», esan du Olaizek.
Gaur estreinatuko dute, eta datorren astean ikusteko aukera egongo da
Emaitzari baino, prozesu osoari eman nahi izan diote garrantzia. Irakasleak ziurtatu duenez, ikasleak ikusten ari dira lana bera, helburuak edota emaitzak aurrera ateratzen ari direla, prozesuan konturatzen ari direla horrekin. Prozesuari berari eman diotenez garrantzia, garbi dute erakusketa egitearena ez dela ibilbidearen azken geltokia, tartekoa baizik.
Ikasleek eurek kontatu dute, ohar baten bitartez, nola izan den prozesua. Izan ere, eskulanak egiteaz gain, bestelako lanak —oharrak idatzi, bloga elikatu, bideoak egin…— egin behar izan dituzte.
«Diseinuak norberaren koadernoetan zirriborratutako irudi edo leloak berreskuratuz egin ditugu. Lehenik eta behin, arrabolak tuneatu ditugu estanpatu ezberdinekin eta horrela hondo ezberdinak sortu ditugu zuri-beltzean. Ondoren, norberaren zirriborro horiek tamaina zehatz batean berregin eta azetatora pasa ditugu, grafiti monokromo eta sintetikoentzat txantiloiak prestatzeko».
Txantiloi hori moztuta, kolore ezberdinetako espraiarekin irudia hondoaren gainean jarri dute. Sorkuntza lana bukatzeko, tenpera erabili dute hondoa eta irudia bateratzeko.
Xenpelar Etxeko egonaldiaren ondoren —hirugarren hilabetekoan sartuta—, lan horiek Oiartzoko ikasgeletan zein ikus-entzunezkoen gelan instalatuko dituzte. Aukeraketa bat egingo dute, eta proportzioetara egokituko dituztela aurreratu du Olaizek. Talde lanean, betiere.
Ausardia hauspotu
Batxilerreko bigarren mailako ikasleak ikasturte garrantzitsuenaren aurrean daude: aurtengoarekin ziklo bat itxi eta datorrenarekin beste bat irekiko da. Selektibitatea egiteko hilabete gutxi falta dira, eta unibertsitatera pasatzea deliberatuko duen azterketa horren presioaren zama sentituko dute.
Olaizek azaldu duenez, Adierazpen Tekniko Grafiko Plastikoa ikasgaia bada egunerokotasun horretarako nolabaiteko ihesbide edo aringarri bat: «Aukerazko ikasgaiak badaude eta hor beste metodologia eta ebaluazio motak egin ditzakegu. Beste tempo bat eraman, alegia. 50na minutuko lau saio dira, eta ikasgela klasikotik ateratzeko aukera ematen digu. Eskulanetan aritzeak, gainera, buruari atsedena emateko aukera ematen die. Ikasgai hau zein frantsesa edo psikologia… Teorikoagoak diren ikasgaien osagarri dira».
Azalaren azpian bezalako proiektu batek ikasleak batzen dituela ziurtatu du, eta erakusketa bat egitea akuilua ere badela. Gainera, ardurak banatzearekin, erakutsi nahi dute hainbat ertz dituzten lan konplexuak aurrera atera ditzaketela.
Lan konplexuak talde lanean aurrera atera daitezkeela erakutsi nahi izan dute
Hauspotu nahi duten beste dohain bat ausardia da. «Frogatu nahi dugu gaitasun artistikoak denok izan ditzakegula. Zoria edota esperimentazio pixka bat erabili behar baldin bada hasieran, hortik hasi eta ondoren bakoitzaren lanari forma eman behar zaio, ikasle bat ez blokeatzearren. Teknikak probatzen ditugu: arkatza, akuarela, grabatua… Pixka bat denetik probatzen dute, eta gero hori guztia lan batean txertatzen dute».
Prozesuaren —zati baten— emaitza ikusi nahi duenak, badaki gaur edo datorren astean pasa daitekeela Madalena kaleko kultur etxetik. Bertan erakusgai dagoena ikusi eta ebalua dezake; irribarre edo zorionak batek 10 batek baino gehiago balio dezake.