Keinuen aurrean, benetako politika feminista aldarrikatu dute erresidentzietako langileek
224 greba egun igaro ondoren, langileen eta egoiliarren ongizatea "Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku" jarraitzen duela gogorarazi dute Errenterian.
Gatazkak ez du etenik Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. 224 egun dira langileek greba hasi zutela eta gaur, berriz ere, kalera atera dira Errenteria-Oreretan haien egoera duintzeko eta behin betirako konponbide bat eskatzeko. Bertan izan dira Oarsoaldeko eta Bidasoko erresidentzietako langileak.
ELA Sindikatuak deitutako elkarretaratzean, martxoaren 8ko testuingurua baliatu dute, aldundiari benetako politika feministak eskatzeko, “martxoaren 8a gainean dugula, badakigu erakunde publikoak kanpaina egiten hasiko direla, propaganda, argazki ofizialak, keinuak… benetako politika feminista egin nahi badute, aukera kalean dute”.
Aldundia jotzen dute oraindik ere egoeraren erantzule nagusi, adinekoen erresidentzien sektorearen %90a finantzatzen baitute, “geroz eta argiago daukagu, langileen eta egoiliarren ongizatea euren esku dagoela”. Era berean, sektoreko lan baldintzak okertzen diren heinean enpresa kudeatzaileen etekinak hazten jarraitzen dutela adierazi dute, zuen jasangarritasuna, emakume langileen prekarietatean eta adinekoen ongizate faltan oinarritzen da”.
Egoeraren larritasunaren berri emateko, hainbat datu aipatu dituzte langileek; langileen herenak 1000 euro baino gutxiago kobratzen ditu hilabetean. erabiltzaile bat altxatu, garbitu, pixoihalak aldatu eta janzteko, 15 minutu baino ez dituzte. Maiz bi erizain baino ez daude 140 lagun zaintzeko eta bataz-beste gizonek lan egiten duten sektoreekin alderatuta, 6000 euro gutxiago kobratzen dituzte.
Bereziki haserre agertu Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanorekin. “Markel Olanok %8 igo du bere soldata baina gure eskaerek sistema hankaz gora utziko lukeela adierazi izan du. Nola uler liteke hau?”. Egoeraren zailtasunaz jakitun dira, baina argi dute ere kalean jarraituko dutela, haiena emakume langile eta jende osoaren delako.