Gari, Celtas Cortos eta Texas, Pasaiako Itsas Festibalean kartelburu
Pasaiako lau barrutietan egingo dituzte kontzertuak. Garik San Pedron ariko da, Celtas Cortos Antxon, eta Texas Trintxerpen.
Pasaiako Itsas Festibalaren musika emankizunen berri eman dute gaur. Maiatzaren 28tik ekainaren 1era egingo dute itsasoa, itsas ondarea eta kultura batuko dituen jaialdiaren bigarren edizioa. Kartelburu bezala, hiru talde eta bakarlari ezagun: Gari, Celtas Cortos eta Texas. Horiek ondoan beste hainbat talde izango dituzte. Kontzertuak Antxon, San Pedron, Donibanen eta Trintxerpen egingo dituzte, eta denak doan dira.
Gaur aurkeztu dituzte kontzertuak Donostian. Agerraldian izan dira Izaskun Gomez Pasaiako alkatea, Xabier Agote festibalaren zuzendaria, Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua, eta Get In produkturako Amaia Ispizua. Azken honek adierazi du publiko zabalari iristeko asmoa dutela musikari horien bitartez.
Honakoak dira, zehatz, jaialdiko kontzertuak.
Maiatzak 28, osteguna, San Pedron
- Beste Urtaroak (Katapulta Tour Gipuzkoa barruan dagoen taldea)
- Gari
Maiatzak 29, ostirala, Donibanen
- Matilda (Katapulta Tour Gipuzkoa barruan dagoen taldea)
- Maria Berasarte
Maiatzak 29, ostirala, Antxon
- Lur Usabiaga
- Idoia Asurmendi (Katapulta Tour Gipuzkoa barruan dagoen musikaria)
- Celtas Cortos
Maiatzak 30, larunbata, Trintxerpen
- Siete C (Katapulta Tour Gipuzkoa barruan dagoen taldea)
- Ele
- Arizona Baby
- Texas
Kontzertu horiez gain, Izaskun Gomezek aipatu du bertako musikari gehiagoren emanaldiak izango direla jaialdian zehar, parte hartze prozesuan ateratako ideia eta ekarpenen ondorioz. Horri ekarpena egin dio Agotek, zehaztuz, kontzertuez gain, itsasontzien ikuskizun paregabea izango dela Pasaian jaialdia bitartean, baita gastronomiari, artisautzari eta bestelako jarduerei lotutako ekitaldiak ere.