Ibaiondoko kantinaren alde agertu da Izaskun Gomez alkatea
Antxoko ostalariekin bildu dela jakinarazi zuen Pasaiako alkateak atzoko osoko bilkuran. Terrazaren aurka ez, kantina beraren aurka daudela adierazi zioten ostalariek, konpetentzia bidegabea delakoan.
“Pasai Antxoko ostalariak, Ibaiondo frontoiko kantina beraren jardunaren aurka daude, ez soilik edukiontziz sortu nahi den terrazarekin”. Hala jakinarazi zuen atzo Pasaiako Alkate Izaskun Gomezek, Pasaiako Udalbatzaren ohiko osoko bilkuran. Alkateak bere jardunaren berri emateko txandan, Antxoko ostalariekin bildutakoa dela jakinarazi zuen Gomezek; ostalariek “suminduta” jarraitzen dutela adierazi zioten alkateari.
Kantinak diru publikoa jasotzen duenez, “konpetentzia ez leiala” egiten ari zaiela uste dute Pasai Antxoko tabernariek. Izaskun Gomez alkatea, bestalde, kantina lizitatu eta irekita mantentzearen alde agertu da, “pilotalekuaren kudeaketak eragiten dituen gastuei aurre egiteko modurik onena da”.
Kantinaren sorrera Amaia Agirregabiria alkate ohiaren erabakia izan zela oroitarazi du Gomezek, eta ondorioz, EH Bildu alderdiarena. Dena dela, egungo alkateak argitu du berak ere babestu zuela kantinaren irekiera, eta zentzuz jokatu duela agertutako jarrerarekin, “kantinaren alde nengoen oposizioan nintzela eta kantinaren alde jarraitzen dut gobernuan. Ez dut iritziz aldatu”.
Udaltzaingoren lanpostuak
Udaltzaingoaren langile faltaren egoera arintze aldera, postuak betetzeko saiakera egiten ari da Pasaiako Udala. Gaur-gaurkoz, Pasaiako Udaltzaingoaren plantillan 30 agente daude, baina horietatik hamaika ez dira jarduten, “bi agente zerbitzu batzordean daude gaur egun, eta beste bederatziek Arkautin jarraitzen dute formakuntzan”, adierazi zuen Lore Suarez lehen alkateordeak. Lan poltsaren kudeaketaren datuak “publikoak” direla azaldu zuen Suarezek, horien berri izan nahi dutenentzat.
Osoko bilkuraren 7. puntua hain zuzen ere, lan poltsaren araudiaren onarpena zen. EH Bildu kontra agertu zen, “lanpostua kodifikatu beharra dagoela uste dugu. Hori gertatu arte ez dugu lan poltsak kudeatzeko araudirik onartuko” esan zuen Iraitz Pazos zinegotziak. Podemos, EAJ eta PSEk alde bozkatu zuten.
8. puntuak 2020ko lanpostuen zerrenda izan zuen hizpide. Podemosek abstentziora jo zuen orduan, “azaroan kontra bozkatu genuen. Ordutik egoerak hobera egin du, baina oraindik ere hainbat arlo hobetu daitezkeela” adierazi zuen Julen Rodriguez bozeramaileak. EH Bilduk kontra bozkatu zuen, EAJ eta PSEk alde.