26 eragilek 43.000 euro jasoko dituzte, kultur ekitaldiak antolatzeko
Otsaileko ohiko udalbatzarrean 2020an egingo diren kultur ekitaldien diru laguntzak onartu dituzte. Ez dira onartutako hitzarmen bakarrak.
Abiada bizian joan zen otsailari dagokion udalbatzarra. Atzo arratsean hamahiru puntuko gai zerrenda izan zuten mahai gainean, gehienak hitzarmen edo diru laguntzei dagokienak.
Oiartzungo Udalak UEMArekin duen hitzarmenaren harira, udalerri euskaldunen sareak egoitza bat du Fermiñenen. Hitzarmena luzatu eta bertan jarraituko du egoitza izaten, Mendiburu 14 eraiki eta gainontzeko euskara zerbitzuekin hara joan arte. Aho batez onartu zen.
Arraztalo gaixo psikikoen senideen elkarteari 53.000 euro emango dizkiote, lan integrazioan, ikerketan eta dibulgazioan egiten duen lanarekin jarrai dezaten. Jon del Olmo zinegotziak izan ezik —elkarteko kidea denez abstenitu zen— beste ordezkari guztiek aldeko botoa eman zuten.
Bestalde, Heteropterus Gipuzkoako Entomologia Elkartearekin hitzarmena berritu dute. Udalaren jabetzakoa den lokal bat utziko diote Pagoaldean.
Kirol elkarteen artean 54.000 euro banatuko dituzte, aurtengo funtzionamendu eta mantenu gastuei aurre egiteko.
Horrez gain, 2020an zehar kultur ekitaldiak antolatuko dituzten eragileei diru laguntzak banatu dizkiete. Azaroaren 27ko plenoan onartutako araudian zehazten zen bezala, urtarrilean aurkeztu behar zituzten proposamenak. 26 izan ziren, eta euren artean 43.000 euro pasatxo banatuko dituzte. Hiru puntu horiek aho batez onartu zituzten.
Xorrola eta hondakinak
Xorrola herri barruko autobus zerbitzuarekin lotura duen puntu bat ere izan zuten hizpide. Pasa den irailean Mugi sistemaren barruan sartu zen, eta hori dela eta hainbat aldaketa egin behar izan dituzte kontratuan. Ordezkari politiko guztien aldeko botoa jaso zuen.
Bozketan bat egin ez zuten gaia hiri hondakinen bilketaren eta kale garbiketaren kontratua jorratzen zuenean izan zen. Zerbitzu horiek berriro esleitu arte, FCCrekin dagoen kontratua luzatzea erabaki zuten.