Saharako herriaren "indarra eta duintasuna txalotu" dute Oiartzunen
Gaur bete dira 44 urte Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zenetik. Oiartzungo udaletxeko balkoian hango bandera jarri dute.
Gaur 44 urte bete dira Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zutenetik. Oiartzungo udaletxeko balkoi batean Saharako bandera jarri dute, herri horrekin elkartasunez.
Mundubat elkarteak oharra helarazi du —Oiartzungo El Watan elkarteak bere egin du—, gogorarazteko 1976ko otsailaren 27an Espainiak bere presentzia koloniala bukatu zuela.
“Maroko eta Mauritaniari eman zizkion lurrak. Milaka lagunek Aljeriako mugara ihes egin zuten eta errefuxiatuentzako behin-behineko bost kanpamendu ireki zituzten”, azaldu dute. Gaur egun, 173.600 lagun bizi dira bertan oraindik, ACNUR erakundearen azken datuen arabera.
“Gaur Saharako herriaren indar eta duintasuna txalotu eta aitortu nahi ditugu, ia mende erdia igaro bada ere dagozkion eskubideak aldarrikatzen jarraitzen duelako”, gaineratu dute.