Egurra lantzen duen maisua
HITZAko egutegian otsailean agertzen da egurrezko tailan aritzen den Lander Urkia. «Zorteduna» dela badaki, lanbidea ikastaro bihurtuz sortzaile askok bizi duten ziurgabetasuna saihestu duelako.
Sortzaile gutxik duten lasaitasunaz eta orekaz goza dezake Lander Urkia errenteriarrak. Arotza bada, eta urteek emandako aukera baliatuta, nolabaiteko irakasle bihurtu da; maisua gutxienez bai. Oinarrian, baina, artista baten sena dago eta egurra tailatuz sortzen du Urkiak.
57 urte bete berri ditu. 27 urtez izan du egur taila ogibide eta lantokia, betidanik, Errenteria-Oreretan. Hala ere, jakin-mina txikitatik datorkio, artista gehienei bezala. Aitarekin «saltseatzen»ibiltzen zen, maketak eta bestelako eskulanak eginez. Ikasketak bukatzerakoan erabaki zuen Urkiak ordura arte afizioa zena, lanbide bihurtzea. Orduan hasi zen, beste artisau asko bezala,azoka eta erakusketetara joaten haren lanaren berri emateko. 1991. urtean, ordea, bere bizitza aldatuko zuen aukera bat eskaini zion Errenteriako Udalak sortzaileari, «egur taila ikastaroak emateko profesional baten bila ari ziren. Une hartan ni ere lan bila nenbilen eta guneaz arduratzea eskaini zidaten. Ordutik lanean ibili naiz etengabe», gogoratu du Urkiak.
Sortzaileak argi du «zorte handia» duela, udalak emandako aukera hark sortzaile askok bizi duten ziurgabetasuna saihestea ahalbidetu diolako, «badakit hilabete bukaeran soldata zehatz bat jasoko dudala. Lasaitasun asko ematen dit horrek». Lan propioak eta bestelakoa piezak egiten jarraitu arren, gaur egun langile osoagoa da, egur taila tekniken irakasle baita eta bere lantokia ikasteko leku ere bada.
Erreferente bat
Akaso, albiste pozgarriena da Lander Urkiaren lantokia lepo betetzen dela arratsaldero, «24 pertsonez osatutako 4 talde ditugu hemen». Antzinako Niessenen izan zuen estudio lehenik,gero Galtzarabordan, eta gaur egun Merkatuzarren dago. Ezin dira kexatu, ez Urkia, ezta bertara joaten direnak ere. Espazio zabal eta modernoa da, beharrezko diren gailu guztiez hornituta.Erreferente batean bihurtu dira Errenteriako Udalak eta Lander Urkiak eskaintzen dituzten ikastaroak, «Errenteriak egurrezko tailaren alde egin duen apustua ez dute egin inguruko herriek», dio sortzaileak.
Hamarka lagunek betetzen dute egunero lantokia 15:00etatik 21:00etara. Batzuetan «txoratzeko modukoa» dela aitortu du Urkiak, baina batez ere, «aberasgarria» dela dio, egurrezko tailarengan interesa badagoela esan nahi duelako. Ikasleen artean hiru profil sailkatu ditu «asko afizio hutsagatik datoz, artistak ere badaude, eta azkenik taila haien lanbideetara zuzendu nahi duten gazteak».
Afizioz doazenak ikasteko gogoz joaten dira, helburu zehatzik gabe eta batez ere, haien kabuz pieza ederrak egiten jakin nahi dutelako. Artistek, ordea, zura lantzen ikasteaz gain, Lander Urkiarekin elkar eragina bilatzen dute, hark egurra nola irudikatzen duen jakiteko. Hau da, inspirazio iturri baten bila doaz. Azkenik, gazte askok ikasitakoari gainbalio bat emateko jotzen dute Urkiarengana, «zurgintza ikasi duen gazte batentzat oso interesgarria izan daiteke egurra tailatzen ikastea, sortzen duten altzari bat apaintzeko, adibidez». Pertsona horiek normalean badakite zehazki zer ikasi nahi duten eta zertarako. Hiru profil horiekin egiten du lan Lander Urkiak, gustura gainera.
Ohitura aldaketak
Bere lantokitik eta bertatik pasa diren ikasleen bitartez, egurrezko tailan eta brikolajean dabilen jendeak jasan dituen aldaketak ikusi ahal izan ditu. Pozik da bereziki ikastaroak geroz eta parekideagoak direlako, «ikasleen %30 inguru» emakumeak dira, Urkiaren esanetan. Dena den, emakumeen kopurua gora egiten ari bada ere, zenbait aurreiritzik berean jarraitzen dutela deitoratu du, «lan hau ez da ez gizonentzat soilik, ezta gogorra ere. Edonork egin dezake». Zorionez,badirudi iraganeko aurreiritziak, iraganean uzten ari direla gutxinaka.
Kontsumo ohituretan ere aldaketa nabaritu du azken urteotan, onerako. Izan ere, eredu kontsumista basatiaren aurrean, «prezioa eta kopuruaz harago» begiratzen duen jendea ba-dagoelako. Izan lagun bati opari berezi bat egiteko, ala etxeko altzariak iraunkorrak egiteko, Merkatuzarreko egur taila lantokira doazenek produktuaren atzean dauden baloreetan dute arreta, «eskuz lan egitea, gauzak maitasunez egitea da. Egur puska soil bat lantzea baino gehiago da, egiten duzun horretan zure puska txiki bat uztea da», esan du Urkiak. Tailaz gain, sortzen dena maitatzen ikasten da Lander Urkiaren lantokian.