San Pedroko XI. Test Estropada egingo da larunbatean
Denboraldi aurreko prestaketa estropada nabarmengarrienetako da Sanpedrotarra Arraun Elkarteak antolatzen duena. Guztira 46 traineru ureratuko dira badiaren bokalean, tartean Pasaiako sei tripulazio.
Asteburu honetan, Euskal Herriko traineru onenak lehiatzen ikusteko aukera izango da Pasaiako badiaren bokalean. Hilaren 7an (larunbata) egingo da San Pedroko XI. test estropada 16:30ean. Aurretik, 15:30ean, ordezkarien bilera egingo da arrantzaleen kofradian. Sanpedrotarra Arraun Elkarteak antolatutako prestaketa estropada, erlojupeko formatuan egingo da; traineruak banan-banan irtengo dira minutu bateko tartea utziz batzuen eta besteen artean.
Ibilbidea ez da berria arraunaren zaleentzat; motoraren San Pedroko ontziralekutik, badiaren irteeraraino. Lau buia izango dira bidean, hasiera eta bukaeran zuriak izango dira eta tartekoak gorriak. Araudiari jarraiki, buia guztiak ababor aldera utzi beharko dituzte.
46 traineru
Guztira 46 traineruk hartuko dute parte, lau txandatan banatuta (txanda bakoitzaren artean bost minutuko tartea izango da); gazte beterano eta emakumeena izango da lehen txanda eta gainontzekoak senior gizonena. Gazte, beterano eta emakumeek bi luze eta ziaboga bat egingo beharko dute, besteek lau luze eta bi ziaboga.
Traineru horien artean txanda ezberdinetan lehiatuko diren sei tripulazio pasaitar daude. San Juan-Koxtapeko gazteek emango diote hasiera estropadari, haiei egokitzen baitzaie lehen irteera egitea, 16:30ean. Bi minutu geroago, Trintxerpeko Illunberen talde mistoa abiatu da. San Juango neskak 19. postuan irtengo dira 16:52ean; aurten hazten jarraitzeko prestatzen ari direla erakutsi ahalko dute.
Bigarren txandan hasiko du estropada San Juan-Koxtapeko gizonen bigarren ontziak eta hirugarrenean lehen taldeak. Gertutik jarraituko dio San Pedrok, arrosen atzetik irtengo baitira. Aukera ederra izango dute bi traineruek, etxekoen aurrean indarrak neurtzeko. irabazleek epaileen azpian dagoen aldapan jasoko dituzte banderak, txanda bakoitzaren amaieran