Duintasuna lortu arte, tinko jarraituko dute langileek
Emakumeek bizi duten prekarietatea Gipuzkoako erresidentzietako langileengan gorpuzten da. 2018ko irailean hasi zituzten lanuzteak, eta ordutik, ez zaio bide eman haien aldarrikapen bakar bati ere.
Ukaezina da Gipuzkoako erresidentzietako langileek borrokarako erakutsi duten grina; dagoeneko 230 greba egun baino gehiago egin dituzte. Urtebete baino gehiago lan gatazka hasi zenetik —2018ko irailean hasi ziren lanuzteak— eta hiru urte negoziazio mahaia osatu zenetik. Era berean, ukaezina da Gipuzkoako Foru Aldundiak gaiari muzin egin diola modurik agerikoenean, greba hasi zenetik ez baita ezer aldatu langileen egoeran, ezta adinekoenean ere. Ez zaio biderik eman langileen aldarrikapen bakar bati ere.
Sanmarkoseneko erresidentzian ELAko ordezkari den Feli Alvarezek argi du prekarietatea lan sektore feminizatuei lotua dagoela, «badirudi gizonak gehiengo diren sektoreetan lan gatazkak azkar konpontzen direla. Gure kexuei, ordea, ez diete kasurik egiten eta ez soilik erresidentzietako langileei; garbitzaileek, edo etxeko zaintzaileek utzikeria berbera pairatzen dute». Utzikeria hori betiko aurreiritzi matxisten ondorio baino ez dela dio Miren Riberak, Oiartzungo Petra Lekuonako langileak: «Kontutan hartu behar da, duela gutxira arte ama eta amonak arduratzen zirela zaintza lanez, gainera, doan. Politikari askorentzat egiten dugun lanak ez du merezi, eta nahikoa dugu diru pixka bat irabaztearekin. Matxismo hutsa da, baina hortxe dago». Alvarezen iritziz, zaintza lanetan jarduten duten emakumeena, «senarraren soldataren gehigarritzat» dute askok, soldatek ez baitute ematen bizimodu independente eta duin bat aurrera eramateko.
Prekarietatea eta generoa lo-tuta daudela agerikoa da erresidentzien sektorean; Sanmarkosene, Petra Lekuona edota Irungo Ama Xantalen egoitzetan plantillaren %90 a baino gehiago emakumeak dira, eta horien artean heren batek 1.000 euro baino gutxiago irabazten dute hilabetean. Horrez gain, ordutegi aldakor eta finkatu gabeak dituzte, eta gainera, gehiegizko lan karga. Errealitate honen atzean, sektorearen pribatizazioa dago langileen arabera, «edozein murrizketa egiteko prest daude etekinak lortzeko, hori baita enpresa baten helburua», salatu du Feli Alvarezek. Caser aseguru etxeak, besteak beste, Gipuzkoako adinekoen zenbait egoitza kudeatzen ditu.
Hitzarmen kolektiboa
Erresidentzietako langileen hel-buru nagusietako bat hitzarmen kolektiboa lortzea da, langile guztiak legedi beraren azpian biltzeko. Izan ere, gaur egun langileen egoera bestelakoa da kontratuaren, erresidentziaren eta hura kudeatzen duenaren ara bera. Loli Santos Irungo Ama Xantalen egoitzako ELAko ordezkariaren kasua argia da: «Oraintxe bertan sei langile gaude greban, denok azpikontratakoak gara. Beste batzuk Irungo Udalaren langileak dira, eta haien lan baldintzak hobeagoak direnez, ez dute grebarekin bategiteko beharrik». Orain arte Irungo Udalak kudeatu du Ama Xantalen, baina aurten Kabia Foru Aldundiko organismoaren menpe geratu da Iturri ekonomiko berbera duten arren —gipuzkoarren diru publikoa— askotariko kudeatzaileak daude; Sanmarkosene Gureak-ek kudeatzen du, eta Matiak Petra Lekuona. Bertako egoera bereziki larria iruditzen zaio Miren Riberari, behin-behinekotasuna erabilgarritasun orduz mozorrotzen baitute, «lanaldiaren parte bat finkoa dugu eta beste zatia erresidentziaren beharren arabera. Hau ere emakumeok gehiengo garen sektoreetan baino ez da gertatzen». Honen arabera, langile batek ordu finko batzuk baino ez ditu izango; besteak erabilgarriak dira eta hori jakin ezinik, erresidentzien esanetara daude beti langileak. Hau da, langile finkoek behin-behinekoen papera betetzen dute eta bide batez, enpresak ez ditu kontratazio berririk egin behar.
Beste hamaika aldarrikapen dituzte erresidentzietako langileek. Ez diote udaberri lasaia emango aldundiari. Gaur, 11:00etan, Kursaalen entzungo dituzte.