«Oso polita izan zen herritarren berotasuna sentitzea»
Maitane Etxeberria eskubaloi jokalaria pozik dago egiten ari den sasoiarekin. Ligako lider da Bera Bera, eta Tokioko Olinpiar Jokoetara joateko aukera du.
Denboraldi biribila izaten ari da Maitane Etxeberria lezoarrarentzat. Lehenengo postuan dago Espainiako Lehen Mailako Ligan Bera Bera taldearekin, eta zilarrezko domina lortu zuen pasa den abenduan Espainiako selekzioarekin Munduko Txapelketan. Horregatik, duela aste pare bat Lezoko herritarren babesa jaso zuen Lezo-Jaizkibel lasterketa ondoren egin zioten omenaldian.
Nola baloratzen duzu Bera Beraren denboraldia orain arte?
Nire ustez pixka bat ahul hasi ginen, jende berri asko etorri delako eta ez ginelako asko ezagutzen, baina denbora pasa ahala hobeto ulertzen joan gara, dena hobetzen hasi da, entrenamenduetatik hasita. Oraintxe bertan oso puntu onean gaudela uste dut.
Momentuz lehenak zoazte ligan. Hori al da taldearen helburua?
Bai, lau puntuko errenta daukagu bigarren sailkatuarekiko, baina badakigu ezin dugula despistatu gure esku daukagulako dena, eta argi dugulako ligaren bila goazela.
Zu zeu, pertsonalki, zein sentsazio ari zara edukitzen?
Azken finean denboraldia oso luzea da, eta denok ditugu partida onak eta txarrak, baina orokorrean, ondo ari naiz aurkitzen, taldekideekin oso gustura nago eta ondo ari naiz entrenatzen hobetzen jarraitzeko.
Lehengo urtean ihes egin zizuen ligak bost urte jarraian garaile izan ondoren. Motibazio gehiago ematen al dizue honek?
Bai, izan daiteke, baina azken finean, lehen esan dizudan bezala, jende berri asko dago ilusio askorekin etorri dena, eta aurreko denboraldia ahaztua dugu berriaren bila joateko.
Abenduan Espainiako selekzioarekin egon zinen Munduko Txapelketa jokatzen, eta zilarrezko domina lortu zenuten. Zer balorazio egiten duzu egin zenuten lehiaketarekiko?
Ez dakit nola azaldu, azaleratzeko oso zailak diren sentsazio asko pilatzen dira. Han geundela [Japonian izan zen» ez genuen sinesten lortutakoa, gure hasierako helburua lehenengo zortzien artean geratzea zelako. Baina bat-batean finalean aurkitu ginen.
Inork ez genuen sinesten horraino iritsi izana, eta finala jokatu ondoren pena askorekin amaitu genuen, ez genuelako irabazi, baina etxera iristean konturatu nintzen Munduko Txapelketa batean zilarrezko domina bat lortzea oso zaila dela eta harro sentitu nintzen.
Bukaera arraroa izan zen, azken jokaldiko aurkako penaltia dela eta. Horrela galdu izanak ez zizuen utzi agian lortutakoa baloratzen?
Noski. Behin finalera iristen zarela pentsatzen duzu, ‘goazen urrearen bila’. Gainera, partida bukatu zen moduagatik ez genekien penaltia justua zen, edo ez. Arraroa izan zen.
Baina azken finean epaileek penaltia zela erabaki zuten, zilarrarekin geratu ginen eta gero etxera iristean hobeto asimilatu nuen.
Nola bizi izan zenuen pertsonalki jokaldi hori. Hain azkarra izan zen dena…
Aulkian nengoen, eta bertatik ez zen ezer ikusten. Orduan denak epaileen mahaira begiratzen geratu ginen ea zer esaten zuten jakiteko. Baina ez zen izan oso jokaldi argia; erabaki hori hartu zuten eta zilarrarekin geratu ginen.
Martxoan Olinpiar Jokoetara sailkatzeko aukera izango du Espainiako selekzioak. Zein aukera ditu?
Lehenik eta behin argitu nahi dut jokalarien zerrenda oraindik ez dela atera, eta ez dakidala bertan egongo naizen edo ez.
Hala ere, uste dut oso puntu positiboa dela Espainian bertan jokatzea sailkapen fase hori. Horrek babes handia ematen dio taldeari eta motibazio puntu altu bat izan daiteke. Nahiz eta partida guztiak zailak izango diren, nik uste aukera asko daudela sailkapena lortzeko eta Tokioko Olinpiar Jokoetan egoteko.
Otsailaren 16an, herritarren omenaldi bat jaso zenuen Lezo-Jaizkibel lasterketa amaitu ostean. Nola sentitu zinen?
Egia esan, asko eskertzen da herriaren babesa. Azkenean konturatzen zara herriko jende guztia eta hainbeste ezagutzen duzun jende guztia zu animatzen ari dela, eta asko gustatu zitzaidan omenaldi hori jaso izana.
Lagunen aurrean zinen…
Bai, kuadrillakoak bertan egon ziren eta haiez gain herriko jende ugari. Azken finean egunero ikusten duzun jendea da, eta berotasun hori sentitzea oso polita izan zen niretzat. Asko eskertu nuen beraien babesa.
Bera Beran eta Espainiako selekzioan zabiltza; Julen Lobete lezoarra ere Realeko lehen taldearekin entrenatzen eta deialdiaren batean sartu da. Nola bizitzen da hori Lezo bezalako herri txiki batean?
Nire ustez normaltasunez, bizi behar den bezala. Azken finean Lezo bezalako herri batean biztanle gutxi bizi gara, denak ezagutzen gara. Horregatik, azkenean, nahiz eta kirolari profesionalak izan, herrian bat gehiago gara eta horrela bizi gara. Ez daude desberdintasun asko egia esan.