Bizitza militanteak lehen lerrora eraman dituzte X. Mariasun Landako sarituek
Eli Etxabegurenek Mari Jose Molinari buruzko lanagatik lortu du Emakumeen Begirada Onena. Iñigo Legorburuk, berriz, Maite Brandarizi buruzko testuagatik.
Gaur banatu dituzte Mariasun Landa Sarien X. ekitaldiko sariak, Errenteriako Berdintasun Kontseiluak antolatutako ekitaldian. Sarien palmaresean agertutako bi pertsonek eraman dituzte sariak: Eli Etxabegurenek eta Iñigo Legorburuk.
Oihane Yustosek gidatu du sari banaketa ekitaldia. Atzera begira egin du eta urteurren biribila bete den honetan, sariari esker, Errenteria-Oreretako hamaika emakumeren istorioak ezagutu direla nabarmendu du. “Emakumeen borrokak emandako aurrerapausoak jasotzen dituzten liburuetan agertzen ez diren istorioak dira. Ekintzaileen bizitzak dira, aitortzarik jaso ez dutenak”, zehaztu du Yustosek.
Bizitza horiek askotarikoak dira: kirolariak, erbesteratuak, gerra pairatutakoak, euskararen sustatzaileak… Gaur beste bi emakumeren bizitzak ezagutzeko aukera egon da: Mari Jose Molina eta Maite Brandarizena.
Molina, feminismoan erreferente
Eli Etxabegureni Emakumeen Begirada Onena saria eman diote, Molinaren bizitza paperaren zuri-beltzera eramateagatik. “Biharko egunarekin —Martxoak 8— zerikusi handia duen emakumea zen Molina, herriko mugimendu feministan erreferente baitzen”, azaldu du Yustosek. Iaz hil zen Molina, eta berak ereindako hazia loratzen ari dela gaineratu du.
Ibilbideari errepaso azkarra eman dio: Donostian jaio zen; Madrilen ikasi eta errepresioa pairatu zuen; Parisen erbesteratu zen; kaleko borrokak ezagutu zituen; Errenteria-Oreretako Zamalbide institutuan; Steilas sindikatuan engaiatu zen; Palestina, Honduras eta El Salvadorreko gatazketan ere egon zen…
Molina heriotza duinen aldekoa zen. “Gaixotu zen, eta bere ingurukoen sufrimendua ikusterakoan, heriotza duin baten alde egin zuen. Esan eta egin”, gaineratu du Yustosek.
Etxabegurenek saria jasotzerakoan azaldu duenez, bere lanik pertsonalena izan da, Molina gertutik ezagutzeko aukera izan zuelako. “Orain dela lau urte ezagutu nuen, eta bihotzez eta maitasun handiz egin dut lana. Ate asko ireki zizkidan, ortzimuga berriak ezagutarazi, eta bizitza beste modu batean ulertzen lagundu zidan”, adierazi du Etxabegurenek.
Esku artean hainbat proiektu —tartean Memorandra— zituztela hil zen Molina, eta berak emandako guztia nolabait itzultzeko modua dela esan du Etxabegurenek. Egiten dituen lanak ez dituela bere burua asetzeko egiten ziurtatu du; kolektibo baten zubi lana egiten duela. Molinaren bidean lanean jarraituko duela iragarri du.
Brandariz eta gizarte bazterketa
Iñigo Legorburuk Emakumezkoei Begirada Saria lortu du, laugarren aldiz. Maite Brandarizen bizitza kontatu du bere idazlanean. Gaur egun gizarte bazterketa egoeran bizi den jendearekin egiten du lan.
Brandariz berak ere bizitu du gizarte bazterketa. Oso gazte zela, aita hil zitzaion, eta lau senidetan zaharrena zenez, familia aurrera ateratzeko ardura bere gain hartu behar izan zuen. Ondoren etxea utzi zuen, eta hogei zituenerako ama zen. Drogen mundua ezagutu zuen bere bikotekide zenak bultzatuta. “Askatasunez mozorrotutako gehiegikeria bat bezala definitzen zuen”, esan du ekitaldiaren aurkezleak.
Drogaren zulo beltzetik atera eta Gizakia Helburu egitasmoan lanean hasi zen. Ikastea erabaki zuen, eta Gaztelutxoko harrera etxean lan egin du, Arrats elkartearekin.
Legorburuk azaldu zuenez, Agustinetan bizi zenean, ia egunero pasatzen zen Gaztelutxo paretik, eta jakin-mina piztu zitzaion. Haritik tiraka, Brandarizen historia ezagutu zuen. Eta aldaketa esanguratsu bat sumatu zuen: “Emakume asko elkarrizketatu ditut, eta esaten zidaten ‘nik ez dut ezer egin‘. Maitek ez dit hori esan; zerbait hasi da aldatzen”.
Kalean bizi direnak gogoan
Segidan, idazlanaren protagonistak berak hartu du hitza. Egunerokoan laguntzen diotenei eskerrak eman dizkie. Argi utzi nahi izan du gustuko duen ogibidea duela, eta kalean bizi direnei eskaini die saria.
Gizarte bazterketan bizi diren pertsona horiek beldurra sortzen dutela penatu da Brandariz, eta ez zaiela galdetzen zergatik dauden kalean. “Etxegabetu dituzte, ezin izan dute aurrera egin… Gainera, gero eta emakume gehiago daude kalean. Zerbait gaizki egiten ari gara”, salatu du Brandarizek.
Bere lanean belarri izan dela esan du, entzunak izatea gustatzen zaigulakoan: “Bakardadearen zama are handiagoa da kalean, eta beti nahi izaten dute entzungo dien norbait. Asko ikasten da entzuten, are gehiago kalean bizi den bati. Esaten den bezala, errealitateak fikzioa gainditzen du”.
Momentu gogor asko bizi izan dituela aitortu du, baina gehiago direla asebetetzen dutenak. Adibide bat jarri du: “Kalean urte asko daramatzan emakume bat agurtzera joan nintzen, eta hark ‘asko maite zaitut‘ esan zidan”.
Irabazleez gain, Aipamen Berezia jaso du Arrate Arozenak, Arantxa Otegi Gaztañagari buruzko lanarengatik. Epaimahaiak bidezkotzat jo du bere lana nabarmentzea, duen maila literarioarengatik.
Ekitaldia bukatzeko, luntx txiki bat egin dute, eta Dejabuk antzerki pieza eskaini du.