Udal eraikinetako jarduerak bertan behera, prebentzio neurri gisa
Gaurtik aurrera, udal eraikinetako jarduerak bertan behera uztea erabaki du udalak. Neurri hori, gutxienez datozen hamabost egunetan mantenduko duela jakinarazi du.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak koronabirusaren kutsatzea geldiarazte aldera helarazitako azken gomendioei jarraituz, Lezoko Udalak prebentzio neurriei heldu eta gaurtik aurrera, udal eraikinetako jarduerak bertan behera uztea erabaki du. Neurri hori, gutxienez datozen hamabost egunetan mantenduko duela jakinarazi du. Horren arabera, bertan behera geldituko dira, besteak beste, kiroldegiko jarduerak, kultur ekintzak zein ekitaldi oro —erakusketak, antzerkia, zinema…— Musika Eskolako jarduerak.
Udal bulegoak zabalik mantenduko dituztela jakinarazi du, herritarren harrerarako. Dena den, aldi berean gehienez bi herritar artatuko dituzte, eta horrenbestez, bulegoetara banaka joateko eskatu die herritarrei. Hartutako neurriak prebentzio neurriak direla erantsi du udalak, “osasun publikoa zaindu eta lezoarren ongizatea bermatzekoak alegia”.
Amaitzeko, arduraz jokatzeko eta Eusko Jaurlaritzak helarazitako prebentzio neurri edota aholkuei jarraitzeko gomendioa luzatu die, eta gogorarazi du gaixotasunaren sintomak antzematen badira 900 20 30 50 telefono zenbakira deitu behar dela eta ez 112 telefono zenbakira, azken hori, larrialdietarako telefono zenbakia delako.