Herritarren osasuna babesteko hainbat jarduera eta zerbitzu bertan behera utzi ditu udalak
Herritarren osasuna babestea, hori lehentasuna Errenteriako Udalarentzat koronabirusaren aurrean. Hainbat jarduera bertan behera utzi edo eten egin ditu.
Zazpi udaltzain plaza atera ditu lehiaketara udalak. Herritarren osasuna babestea, hori lehentasuna Errenteriako Udalarentzat koronabirusaren aurrean. Horren harira, hainbat jarduera bertan behera utzi eta beste hainbeste zerbitzu ere eten egin ditu beste erakunde batzuekin elkarlanean eta agintarien aholkuei jarraituta.
Koronabirusa ez kutsatzeko neurri nagusi moduan, jendea kopuru handitan biltzea saihestu nahi du udalak, eta horrenbestez, arrisku gehien duten pertsonak biltzen diren jarduerak eta espazioak ixtera erabaki du. Momentuz egun batzuetarako izango dira itxiera horiek, eta gaur gaurkoz ez dela posiblea zehaztea noiz bukatuko diren neurri horiek. Oro har, udal programazio publikoa etengo du, baina ez bere arreta zerbitzuak, ezta bere barne jarduna ere. Hala, bere ardurapekoak diren hezkuntza zerbitzuak, adineko pertsonak biltzen dituztenak, haurtxokoak, gaztelekuak, Erretiratuen elkarteak, auzoetako emakumeen elkarteak, , Bizarain eta haur liburutegiak, Xenpelar tailerrak eta Errenteria Musikalek ateak itxiko dituzte.
Kirol jardueran ere izango dira eteteak, eta Eskola Kirola eta kirol federatuko ekintzak ere bertan behera utzi dituzte. Kiroldegietako ateak irekiko badituzte ere, ikastaro saiorik ez da izango taldeak biltzea saihesteko.
Udal sailek antolatutako ekintzak ere bertan behera utzi dituzte, hala nola, txistulari bandaren kontzertua. Antolatutakoak bertan behera uzteko aholkua eman zaie ere sustatzaile pribatuei; kasu horretan beraiek erabakiko dute ekintzekin aurrera egin edo ez.
Egoeraren jarraipena
Koronabirusa prebenitu eta hura kutsatzea saihesteko hartutako neurriak dira horiek guztiak, osasun agintaritzak gomendatutakoak eta egoeraren jarraipena egiten ari dela erantsi du udalak, “osasun agintaritza gomendioei jarraiki eten eta itxiera berriak erabaki ditzakegu, egunez egun, egoeraren bilakaerara egokituta”.
Osakidetzak prebentziorako eman dituen neurriak jarraitzeko gomendioa eman die errenteriarrei berriz ere: eskuak sarritan garbitu; eztul edo doministiku egiterakoan ahoa eta sudurra ukondoarekin edo zapi batekin estali, zapia berehala bota eta eskuak ondo garbitu alkoholez egindako eskuetako desinfektatzaile batekin edo ur eta xaboiarekin; eztula eta doministiku egin eta sukarra duten pertsonengandik metro batera egon gutxienez; ez ukitu begiak, sudurra eta ahoa; eskuen ukitze eremuetan garbitasuna areagotu, etxean zein leku publikoetan.
Sintomen aurrean zer egin
Koronabirusaren sintoma ohikoenak eztula, eztarriko mina, sukarra eta aire faltaren sentsazioa dira. Kasu gehienak sukarra duen arnas infekzio bati dagozkio. Larritasun handiagoko kasu batzuk egon daitezke, oso gutxitan infekzioak pneumonia eragin dezake; kasu horietan, pazienteak arnasa hartzeko zailtasun handia du eta aire faltaren sentsazioa, sukar altuarekin. Tratamenduari erantzuten ez dioten paziente larrietan, eta bereziki, aurretik gaixotasunen bat badute, konplikazio larriagoak izan ditzakete , eta hil ere egin daitezke. Kasurik larrienak, normalean, adinakoetan ematen ari dira, edo beste gaixotasunen bat dutenen artean, hala nola, bihotzekoak, eta biriketako zein immunitate arazoak.
Sintomak dituztenei osasun zentroetara eskatu die udalak: “Etxean geratu eta deitu 900 20 30 50 telefono zenbakira eta beste pertsonengandik bi metroko distantzia mantendu”.
Informazio gehiago hemen.
