'Iraganeko aztarna presentea' (Eli Etxabeguren, Mariasun Landa Sariak)
Emakumezkoen Begirada saria jaso du Eli Etxabegurenek, Mariasun Landa Sarien 10. ekitaldian. Iñigo Legorburuk jaso du beste saria.
Mariasun Landa Sariak hamargarren ekitaldia ospatu dute aurten. Iaz bezala, Eli Etxabegurenek lortu du Emakumeen Begirada saria. Marijose Molinaren ibilbide militanteari errepasoa eman dio Iraganeko aztarna presentea idazlanean.
Emakumezkoei Begirada saria Iñigo Legorburuk jaso du. Maite Brandarizen bizitzari buruz idatzi du, gazteleraz (bere horretan uztea erabaki du HITZAk). Gizarte bazterketaren arloan lan egiten du Brandarizek, eta berak ere pairatu behar izan du.
Lehen lerro hauetan, zuri zuzenduko natzaizu zuzenean Marijose, lehen pertsonan eta parez pare izango bazintut bezala. Hala sentitzen baitugu oraindik, gutariko bakoitzean eta herrian utzitako arrastoak gorpuzten zaitu. Loratzen den erresistentzia eta agentzia bakoitzean gorpuzten zara. Iraganeko aztarna presentea. Ez zara inoiz guztiz joango, memoriak hala utziko ez digulako, ez guri, ez herriari berari ere.
Zurea, eta herri hau Herri egin duten emakumeen ahotsak jaso, eta geure memorian gordetzeko lanari segida emango diogu. Horretarako, ikerketa militanteen oinarritzen den Memorandra taldea bezalako aukera eman zenidan, eskaini zenion herri honi. Hala sinesten baitzenuen eta hala irakatsi zenigun: «Emakume protagonistek beren errelato propioa jasoko dute, batzuekin eta besteekin partekatzeko, esperientziak elkar banatzeko eta horizonte berriak sortzeko bideak geure alea emateko».
Marijosek, haizeak bezala, astindu egin zituen geure kontzientziak, astindu kateak eta kaiolarik handienaren barroteak ere. Haizeak, denboran harri gogorrenetan ere sortzen ditu arrakalak eta hala egin zuen, urakan baten moduan, arrakalaz beterik utzi zuen aurrean topaturiko harresi bakoitza.
Dena goitik behera aldatzeko prest zegoen ufada izan zen. Mugimendua. 1951ean Donostian jaio eta laster gaztetasunak Madrilera eraman zuen politika-zientziak ikastera, ondoren Donostian amaitu zituenak. Ez zen, ordea, denbora asko igaro 1971ean exilioaren korronte bortitzak Parisera eraman zuenerako. Garai zurrunbilotsua izan zen, kartzela, tortura eta errepresioa bilakatu ziren erregimen frankistari aurre egiteko adorea erakutsi zuen ororen patua. Simon de Beauvoir eta Kapitala besapean zeramatzala, urte hartan bertan, Madrilera itzuli eta, zerbait argi erakutsi baldin bazuen Marijosek, adorea eta sinesten zuen horren alde borrokatzeko grina izan ziren.
Itsasoa haserretzerainoko haize-zirimola genuen bera. Madrilen, bikotekidea atxiloturik eta bera hamabost egunero epaitegira agertzera kondenaturik zegoela, amnistia, askatasuna eta demokraziaren alde kaleak konkistatzen hasi eta 1978an Zamalbideraino iritsitako haize-zirimola. Kalea, ordea, ez zen izan bere borroka eta eraldaketa sozial zein politikoaren aldeko guda-zelai bakarra. Zamalbiden irakasle zela, hezkidetza, zein hezkuntza eta hizkuntza ez sexistaren aldeko lan teoriko eta praktikoak burutu zituen. Ondoren —1999-2003 urteen bitartean— Steilas sindikatuan, hezkuntza publiko eta doako baten aldarrikapenaren bidean, liberatu gisan lan hauek guztiak jorratzen jarraitu zuena. Etenik ez, beti mugimenduan.
Euskadiko Mugimendu Komunistan erein zituen gerora Grupo de Mujeres de Renteria izeneko emakume talde feminista sortzeko haziak. Orereta-Errenteriara ere, gogor heldu zen mundu osoan zabaltzen ari zen feminismoaren bigarren olatua. Bada, herriak bor-bor dagoen salda baten moduan bizi zuen garai hura; demokraziaren maskaraz mozorroturik zetorren trantsizioak, parez pare topatu baitzuen ezker mugimendu sozial eta politiko oso zabal bat. Tartean feminismoa azaldu zen, Marijose eta harekin batera antolaturiko emakume askoren bitartez, aurrean zuten errepresioari , zein alboan zuten ezkerreko matxistari egiteko arma nagusi gisara.
Mahai gainean jarri zituzten abortua, genero indarkeria, Estatu Espainiarreko estoldetatik burutu ziren bortxaketak, jaiotza tasen kontrolerako zein sexu arreta zentroak sortzeko beharra bezalako gatazkak. Estatua gogor astinduko zuen haize zurrunbiloa ez ezik, herrian bertan gizon ezkertiarrek monopolizaturiko mugimendu politiko eta sozial zabalenen arrakalak sortuko zituen haizetea ekarri zuen hito hark.
Orereta-Errenteria herriak azken urteetan bizitako eraldaketa sozial zein politikoari egindako ekarpen gogoangarria martxan jarri zuen emakumea izan zen Marijose; feminismoak zabaltzen dituen abagune oro teorizatu, eztabaidatu eta kaleratu zituen haizetea. Zer ezkutatzen duen ikusten uzten ez digun lanbrorik itxiena altxatzeko gai den haize bolada baten gisan, herriari, Errenteriako biztanleriari horizonte berri bat zabaldu zion emakumea dugu.
Azken urteetan ere hala jarraitu zuen, horizonte zabal hartan jomuga berriak eraikiz, hala, 2011n Laikotasuna sortu zuen hainbat kide errepublikarrekin batera; pertsona ororen sentimendu erlijiosoak errespetatuz, oraingoan, Estatua eta Elizaren arteko banaketaren alde mugitu zen. Herrikoak ez ezik, borroka internazionalistek beren tartea izan zuten emakume nekaezin bezain konprometitu honen bizitzan. Gerrari ez leloa beti eraman zuen gorpuzturik, aktibista gisa ibilita palestinarren eta sahararren aldeko borroketan, El Salvadorretik pasa, Proyecto de apoyo a Formacion Profesional en Honduras proiektuak burutzeraino.
Finean, injustizia ororen aurrean nekez amore emango zuen emakumea. Urtez urte, geure bizitzak bahitzen dituzten sistema edo injustizia bakoitzaren aurrean mugimenduan; beti, mugimenduan. Haizeak ez baitu deskantsurik ematen, lasaiago ibili lasaiago ibili daiteke, dagoenik ere ez ez konturatzeraino, baina hor dugu beti, itsasorik zabalena harrotzeko gai. Hala, azken urteetan, Heriotza Duinaren Defentsarako asoziazioan antolaturik, nork bere heriotzaren jabe izateko duen eskubidea defendatu zuen.
Bere azken hatsa ez zen nolanahikoa izan, bere eta gertukoen sufrimenduaren jabe izanez bizitzari amaiera duina eman baitzion. Aske bizi, aske hil. Esan eta egin.
Eta hala, geure memorian gordeta edukiko zaitugu zuzenean edota zeharka ezagutu zaitugunok, Marijose. Haize korronte indartsua izan zinen, memoria historikoan gordeta geratuko den izena da zurea. Hala erakutsi zenidan, etorkizuna eraldatu nahi badugu, memoria ariketa bat egitea ezinbestekoa dugu. Guk (berr)eraiki behar dugu memoria hstorikoa, ahozko historiak jaso eta herri honen errelatoa osatu. Zurekin hasi nuen andreon memoria berreskuratzeko bidea, zurea izan zen jaso nuen lehen ahozko historia eta orain, herri honetan merezi duzun tokia eskatzera goaz. Ez dugu mugimendua etengo, horizonte berriak irekitzera goaz.