Ostari: "Taberna eta jatetxeak ixtea litzateke erakundeek hartu beharko luketen neurrietako bat"
Ardura eskatu diete erakunde guztiei elkarte horretan biltzen diren ostalariek, eta ostalariek zein langile guztiek bizi duten ziurgabetasun egoera argitu dezaten "lehenbailehen".
Taberna eta jatetxe guztiak ixtaraztea. Hori beharko luke Ostari Errenteriako Ostalaritza Elkartearen ustez erakundeek COVID-19aren izurriteak sortutako egoeraren ondorioz hartu beharko luketen neurrietako bat. Urgentziazko bilera egin du elkarte horrek, eta gaian duten ardurarekin oso kontzientziatuta daudela esan dute: “Irmoki uste dugu erakundeek hartu beharko luketen neurrietako bat taberna eta jatetxe guztiak ixtea litzatekeela, izurrite horren kutsatze masiboa gelditu ahal izateko”.
Ardura eskatu diete erakunde guztiei elkarte horretan biltzen direnek, eta ostalariek zein langile guztiek bizi duten ziurgabetasun egoera argitu dezaten lehenbailehen: “Zer nolako laguntzak eta neurriak emango dituzten egoera horrek sektorearentzat ekarriko duen zartada izugarria arintzeko publikoki azaltzea ere eskatu nahi diegu”.
OMEtik eta osasun erakunde desberdinetatik iritsitako gutxieneko higiene eta osasun neurri guztiak ezarri ahal izateko lanean ari direla erantsi du Ostarik haien negozioetan, “bai langileentzat, baita bezeroentzat ere”, baina gaiaren larritasuna ikusita, beren bezero guztiei beren bizitza soziala ahalik eta gehien murriztea gomendatu diete, “gure lokaletan egiten dutena barne, nahiz eta jakin horrek ondorio negatiboak dakarzkigula guztioi. argi dugu alde horretatik neurriak zenbat eta lehenago jarri, orduan eta lehenago atera ahal izango garela egoera larri honetatik”.