Herritarren mugikortasunari eragingo dioten neurriak hartu ditu udalak
TAO zerbitzua aldi baterako bertan behera utzi du, eta herri garraioan linea batzuetan ordutegia murriztu du; zamalanetarako lana berriz, 24 ordukoa izango da, hornikuntza bermatzeko.
TAO zerbitzua aldi baterako etetea erabaki du udalak, hartutako neurrien artean. Covid-19ak sortutako osasun krisiaren aurrean, herritarren mugikortasunari eragingo dioten hainbat neurri hartu ditu Errenteriako Udalak. Hala, TAO zerbitzua aldi baterako etetea erabaki du, eta horrenbestez, TAO guneak aparkaldirako eremu libreak izango dira, inolako mugarik gabe. Herri garraioan ere izango dute eragina neurri horiek, zerbitzua ematen jarraituko dute baina linea batzuetan ordutegia murriztu egin du udalak; U 22 linearen kasuan, berriz, ibilbidea aldatuta ordutegia bere horretan mantentzea erabaki du anbulatorioetarako zerbitzua bermatzeko.
Gidariak eta bidaiariak babesteko neurriak aktibatu ditu, halaber, osasun agintaritzak emandako aholkuei jarraikiz: bidaiariak atzeko ateetatik sartuko dira eta eta ordainketa Mugi edo Lurraldebis txartelekin egin beharko dute, soilik bi horiek onartuko dira.
Horniketa eta pertsonei laguntzeko zerbitzuetan, berriz, malgutasuna. Hala, zamalanetarako ordutegia 24 ordukoa izango da, hornikuntza bermatzeko, eta hala behar duten pertsonei laguntza emateko. Oinezkoentzako guneetan ere zirkulazio askea baimendu dute, banaketa lanetarako eta beharra duten pertsonak lagundu eta mugitzeko.
