[Galeria] Prebentzio neurriak betetzen ari dira herritarrak
Kale eta errepideak mugimendu oso gutxirekin, eta saltokietan ere gutxieneko distantzia errespetatuta ari da jendea ilarak egiten, prebentzio neurriak betetzen.
Hutsik daude ia kaleak. COVID-19ak eragin duen osasun alarma zentzuz errespetatu eta betetzen ari dira errenteriarrak. Kale eta errepideak mugimendu oso gutxirekin, eta saltokietan ere gutxieneko distantzia errespetatuta ari da jendea ilarak egiten, prebentzio neurriak betetzen.
Irudi bitxien artean, haurrak balkoietan jolasean argitasun eta haize fresko bila; kuriosoa ere gutxienez saltoki txiki batek utzi duen irudia, okindegia da eta litxarreriak ere saltzen ditu, baina erakusleihoan orain arte lekurik ez zuen salgaia gehitu du: ikaragarri preziatua bilakatu den komuneko papera.
Zentzuz herritarrak oro har, eta askok erosketa eta txakurra pasiatu, biak batera egin dituztenak ere ikusi dira.
Etxera deitu dituzte herritarrak, koronabirusa ez zabaltzeko; baina badira etxea ez dutenak, hori alderik latzena. Horiek kalean jarraitzen dute lo egiten, kalean jarraitzen dute bizitza egiten koronabirusarekin ere; zaurgarrienen multzoan sartuta halabeharrez, ezin dute, nahita ere etxerako agindua bete, etxerik ezean. Iztietako eliza atarian ziren gaur haietako batzuk.
Ondoko argazkiak Luis Agirre eta Marta Lopezek bidalitakoak dira.