Trintxerpeko azoka, ia hutsik, baina martxan
Azokak irekita izango dira koronabirusari aurre egiteko neurriek iraun bitartean. Trintxerpen kezkatuta daude osasun egoeragatik, baita berrogeialdiak izan ditzakeen ondorio ekonomikoengatik ere.
Supermerkatuak aurreko astean zabaldu zen psikosi kolektiboaren irudia dira. Agintariek 11 aldiz errepikatu behar izan zuten elikagaien Hornidura katea ez zela etengo eta berrogeialdian ere bermatuta izango zela. Baina supermerkatuez haratago, badira beste komertzio ugari elikagaiak erosteko, batez ere herriko azoketan.
Bertako arrandegi, harategi eta barazki postuetako langileak jardunean dira beti bezala apaltasunez. Koronabirusaren ondorioz, populazioaren zati handi bat etxean geratuko da. Langile hauek berriz, haien egunerokotasunari eutsiko diote herritarren elikagaiak bermatuta egon daitezen, baina batez ere, salbuespenezko egoera batean, normaltasun kutsu bat emateko lau pareten artean itxita bizi behar diren herritarrei.
Atzotik lanean dira Meira arrandegiko Ana eta Mari Carmen langileak, “saldu, saldu egi dugu bai, jendeak janaria erosi behar du” esaten du Anak. Ongi ezagutzen dute Trintxerpe bi langileek eta haien iritziz ez dute jendea “bereziki kezkatuta” sumatu. Hondarribian bizi da Mari Carmen eta bertako egoera oso ezberdina dela dio, “herrian gotortuta gaude, Hondarribian sartzeko agiria erakutsi behar du. Hemen bestelakoa da panorama, malguegia.”
Prebentzio neurrien garrantziaz ohartarazi dute, izan ere, hainbatek betiko ohiturei eusten diete, debekatuta badaude ere; “badira metro bateko distantzia errespetatu nahi ez duten pertsonak baita bikoteka erosketak egitera datozenak ere” azaldu du Anak.
Trintxer harategiko Jaimek ere “etxetik ahalik eta gutxien ateratzea” eskatzen du, egoera hau “ahal bezain azkar pasa” dadin. Aurreko asteburuko atarian dezente gehio saldu zela dio Jaimek, baina ez zela psikosirik izan “jendeak batez ere oilasko gehiago erosi zuen, konjelatzeko”. Hala ere, kezkatuta dago bezeroek izan dezaketen ondorio ekonomikoengatik, jende askorentzat “kolpe latza” izango baita. Beldurtuta ordea ez dago, baina argi du “arduratsu” jokatu behar dutela, elikagai saltzaileek betebehar garrantzitsua baitute.
Jon Anderrek J. Alegre urdaitegian egiten du lan. Bezeroen fluxuak behera egin badu ere, ez da eten “normalean bi bezero etortzen ziren denbora tartean, bakarra etortzen da”. Hemendik aurrera izan daitekeen ziurgabetasunaz ohartarazi du langileak, “nik hemen lanean jarraitzeko zortea dut, baina zerbitzari askok adibidez kalean geratuko dira, baina berdin-berdin ordaindu behar dute alokairua, hipoteka edo dena delakoa, Iragarri diren laguntzak lehenbailehen ematea funtsezkoa da”.
Oraindik ere “shock egoeran” daudela onartu du Jon Anderrek, aldaketan oso azkar eman baitira. Baina egoerak gainezka egin duelakoan, prebentzio neurriei kasu egitea funtsezkoa da, salbuespenezko egoera hau luzatu ez dadin. Azokako langileak, kementsu jarraituko dute haien lanpostuan, nahiz eta ez jakin zein egoerari aurr egin beharko dioten datozen asteetan.