«Egoera iritzi kritikoa eta enpatia lantzeko baliatu behar dugu»
Osasun larrialdiaren aurrean, haur eta gaztetxoei egia esan behar zaiela dio Naroa Martinez psikopedagogoak, beti ere eskatu ez dituzten detaile morbosoetan sartu gabe.
Koronabirusa nola azaldu behar diegu haurrei?
Uste dut guk ere ez dugula informazio gehiegirik, ez dira informazio asko ematen ari, edo nik sentsazio hori dut ez dela informazio guztia iristen. Beraiei sortzen zaizkien egonezin horietatik bideratu behar dugu ematen diegun informazioa, beraien beharrak, beldurrak eta jakin-minak erantzutera daukagun informaziotik, eta argi utzita egoera berri bat dela, beraiek bezala guk ez dugula askorik ezagutzen, baina joango garela aurre egiten pixkanaka.
Egia esan behar diegu, beraz.
Bai. Horrek ez du esan nahi beharrezkoak ez diren detaileak ematea, ez badituzte eskatzen. Haurrek eskatzen dute, daukaten gaitasunaren arabera, hortaz, informazio bat eskatzen badigute normalean izaten da prest daudelako erantzuna jasotzeko. Bestela, guk egin dezakeguna da beste galdera baten bidez erantzun: ‘Zuk zer uste duzu?’. Askotan beraiek erantzunak badituzte, eta gaitasuna badute. Egia esan behar dugu, ez dakiguna ez dakigula argi utziz eta xehetasun morboso edota beharrezkoak ez direnetan sartu gabe. Egia beti beraien adinera egokituta.
Etxera bidali dituzte ikasleak ikastetxeak itxita, baina ikasketa prozesuarekin, heziketarekin jarraitu behar dute modu ez presentzialean. Psikopedagoga zara, baina baita irakaslea ere Lehen Hezkuntzan. Nola jardun behar da beraiekin etxean egoera berezi honetan?
Egoera berri batean gaudela esan behar diegu, guk ere ez dugula bizi aurretik ez guraso bezala, ez ikasle bezala, ezta irakasle bezala ere. Ez da gaixorik daudenean bezala egun pare bat etxean egotea. Lehen Hezkuntzako bosgarren mailan ari naiz irakasle 10-11 urteko haurrekin, eta azaldu nien eskolan momentuz daukagun neurria hau dela, baina luza daitekeela edo eten daitekeela, ez dakigula ezer ziur. Pilak jarri behar ditugu eta ohiturekin jarraitu. Egoera berria dela denentzat esan behar diegu, kostatuko zaigula, baina momentuz daukaguna dela. Bizitzan zehar landuta dugu garrantzitsua dela formazio bat izatea, alfabetizatuak egotea, eta erraza da, beraz, egoera berri honetan lanean jarraitu behar dutela ulertaraztea.
Haurrek prebentzio neurriak betetzea zailagoa izaten da?
Nik uste dut errazagoa dela txikiekin helduekin baino. Esaten dugu ez dugula elkar ukitu behar, eta helduak gara lehenenak elkar ukitzen. Beraiek malguagoak dira, eta esaten diegunean gauzak oso serio hartzen dituzte. Elkar laguntzen dute. Ohiturak ongi azalduta lehenengo bi egunetan kostatzen zaie denei bezala, baina gero gaitasuna dute eta guk ez dugun malgutasuna. Aprobetxatu behar dugu enpatia lantzeko, iritzi kritikoa lantzeko eta aztertzeko zein informazio ematen diguten, zein ez, eta zergatik, nondik ateratzen duten batzuek etekina eta besteek kaltea… Nik uste dut alderdi pedagogikoa atera behar diegula halako egoerei, eta osasun heziketa egin.
Esan duzu elkar laguntzen dutela. Egungo gizartean nahikoa galduta dagoen komunitate sen hori barneratuagoa dute haurrek?
Ez dakit, gaur egun beraiek bizi dutena ere ez dakit zein gizarte mota den. Talde kontzientzia errazago garatzen dutela uste dut, ordea, eta askotan taldearekin pentsatzen dute; adin batetik aurrera, 5-6 urtetik aurrera, egozentrismoa gainditzen doaz.
Garrantzitsua da nola kontatzen dizkiegun gauzak?
Noski. Autentikoak izan behar dugu, egitik kontatu behar diegu lasaitasuna mantentzen saiatuta, segurtasun sare bat behar dutelako; baina autentikoak izaten egin behar dugu hori, urduri baldin bagaude urduri gaudela esanez, edota kezkatuta, eta negar egiteko gogoa baldin badugu berdin, beti ere beraien aurrean egoerak gainezka egiten ez digunean. Garrantzitsua da parte hartzaile egitea, azkenean, nola hezten ditugun zer esana dauka nolako helduak izango direnean. Parte hartzen uzten badiegu eta inplikatzen baditugu autoestimuaren aldetik oso ondo etorriko zaie.
Ikasleekin ari zara, zein pertzepzio dute koronabirusaren gainean?
Urduri bai, baina ez daude hain larrituta. Ez da denborarik izan ere asko lantzeko. Eskolan, zituzten beldurrak-eta lantzen aritu bagara ere, oso azkar heldu gara egoera honetara. Egia da eskolan normaltasunean bizi izan dugula, bazuten ezinegona toki guztietan dagoelako, baina ez dut sumatu lekuz kanpoko beldurrik.
Helduak baino hobeto moldatzen dira egoera hauetara?
Bada, ez dakit. Etxean nola bizi dugun asko baldintzatzen du egoera, kontutan izanda ere bakoitzaren izaera. Malguagoak dira, eta uste dut garrantzitsua dela helduaren erreferente hori segurua izatea, ez segurtasun faltsu bat, baina argi esaten bazaie etxekoak elkarrekin saiatuko garela hau ahalik eta ondoen eramaten, badaukate segurtasun erreferentzia bat, guk ez duguna.
Gurasoei, beraz, edo helduei, lasaitasuna transmititzea dagokie. Badago errezetarik horretarako?
Ezertarako ez dago errezeta magikorik, ez guraso bezala, ez irakasle gisa. Azkenean bizitzen ari garen honen argibiderik ez dugu ez gurasotasunean, ezta beste arlotan ere, bizitzen ari garen hau berria delako. Konpartitzeko gai izan behar dugu, eta helduek helduon artean gure urduritasunak baretu behar ditugu, hitz eginez, informazio fidagarria maneiatuz, eta bakarrik ez egoten saiatu, azkenean, pertsonak izaki sozialak garelako eta segurtasun hori behar dugulako; helduok elkarren artean orekatu behar dugu.
Komunikabideetan ez dago beste hizpiderik, nola eragin diezaieke horrek haur eta gazteei? Telebista itzali behar dugu, saihestu behar dugu gaiaz hitz egitea?
Ez nituzke bakarrik utziko informazio hori jasotzen. Gurasoekin, helduekin, erreferente batekin bai, baina neurri batean. Helduentzat ere ez da gomendagarria saturazio hori. Iritzi kritiko batekin, ikustekotan, eta bakarrik ez nituzke utziko, haurrak direlako, eta nerabeek edo aurre-nerabe direnek behar dutelako erreferente bat.
Ez bakarrik, ez gehiegizko informaziorik, eta beti ikuspegi kritikoz aztertzen lagunduko dien heldu batekin. Ahal dela guretzat guraso bezala fidagarrienetakoa den komunikabidetik jaso beharko lukete informazioa.
Helduei zer dagokie?
Ezartzen ari diren neurriak betetzen ari garela erakustea, beraiei betetzen lagundu, eta gero lasaitu. Lasaitzeko modua da esatea ez dela hain gaixotasun larria biztanleriarentzat oro har, eta hartzen diren neurriak gure nagusiak, eta ahulago daudenak zaintzeko hartzen direla. Lasaitzea dagokigu. Ni heriotzarekin aritzen naiz, eta nire gomendioa da galdetzen badute uneren batean honekin hil gaitezkeen, hor ere egia esatea; probabilitate oso-oso gutxi daudela adin bateraino, baina gaixotasun guztietan bezala konplikatzen bada, eta oso-oso gaixo jartzen bagara, bada inork ez dakiela; gerta daitekeela eta bitartean elkar zaindu behar dugula. Askori pasatzea tokatuko zaigula eta askok ia konturatu gabe pasako dugula esan behar diegu, eta izan dezaketen beldurra baretu.
Eta helduak, edo arriskua dutenak baldin badituzte inguruan nola jokatu?
Esanez gure esku dagoen guztia egin behar dugula, eta gaixotuko balira argi utzita beraiek ez dituztela gaixotu, ez dutela errurik horretan. Erantzukizuna kendu behar diegu haur eta gaztetxoei.