Gastuak murrizteko aukera baliatzen ari direla salatu du sindikatuak.
Oiartzungo DSV Road Spain SAU eta Irungo Rhenus Logistics enpresetan legez kanpoko kaleratzeak egin dituztela salatu berri du OarsoBidasoko ELAk. Hedabideei bidalitako ohar batean azaldu dutenez, Espainiako Gobernuak emandako jarraibideei uko egin diete bi enpresek, eta legeak onartzen ez dituen kaleratzeak egin dituzte.
«Kontuan izan behar dugu jarduera handiko enpresak direla, eta gaur egungo egoera gogorra izan arren, haien iraunkortasuna ez dagoela arriskuan. Horren ordez, gastuak murrizteko aukera baliatzen ari dira», diote. Gainera, ELA sindikatuko ordezkaria den langilea ere kaleratu dutela diote, arriskuko pertsona dela argudiatuz. Amaitzeko, egoerari aurre egiteko behar diren neurriak hartuko dituela nabarmendu du ELAk.