Arrakala digitalarekin buka daiteke
Izarkom telekomunikazio kooperatiba bidasoarrak arrakala digitalarekin amaitzeko urratsa egin du: beharra duten ikasleek klaseak etxetik jarrai ditzakete itxialdian. Errenteriako Udalak bat egin du proiektuarekin.
Koronabirusak mundu mailan sortu duen krisia nabaria eta ukaezina da, eta bere eraginak bazter guztietara iritsi dira. Krisiaren aurrean gobernu eta agintariek hartu zuten lehen neurrietako bat ikastetxeak epe mugagabean ixtea izan zen. Ordutik hona, egoera berri honi irtenbide bat bilatu nahian, Euskal Herriko ikasleek euren etxeetatik jarraitzen dituzte eskolako klase eta ikasgaiak. Baina gazte guztien egoera ez da berdina. Familia askok arazo ekonomikoei aurre egin behar diete koronabirusaren krisiak sortuak, eta baliabide ezaren ondorioz, ikasle asko ez dira gai online bidezko klaseak jarraitzeko.
Sortu den egoera honi irtenbide azkar eta eraginkor bat bilatu nahian, Izarkom telekomunikazio kooperatiba bidasoarrak proiektu berri bat jarri du martxan, arrakala digitalak sortutako eraginak murrizteko eta ikasleek klaseekin jarraitu ahal izateko. Gari Garaialde Izarkomeko talde bultzatzaileko kide da, eta proiektuaren nondik norakoez mintzo da HITZA-rekin.
Izarkom kooperatibak egoera ohiko batean bertako bazkideei eskaintzen die zerbitzua, baina ezohiko egoeraren larritasuna ikusirik, eragin eremua orokortu eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiei eskaini die zerbitzua. «Gure bazkide eta erabiltzaile den Mikel Garcia irakasleak planteatu zigun egoera hau. Bere ikasle batzuek ez dute Interneterako sarbiderik etxean, eta berrogeialdian gauden honetan, ezinezkoa izango litzateke haientzat klaseak jarraitzea. Eskatu zigun ea gai izango ginatekeen egoera honi irtenbide bat bilatzeko, eta esan nion zerbait aterako genuela», konfirmatu du Garaialdek.
Proiektua aurrera eramateko helburu argi batekin ekin diote Izarkomeko kideek: «Gure helburua da egoera ekonomikoagatik konektatu ezin daitekeen jendea ikasketarik gabe ez gelditzea. Argi genuen ikasle hauek denbora luze honetan klaseetatik kanpo uzten badituzu, haientzat arazo handia izan daitekeela. Abiatutako proiektuari esker, ikasleek klaseak jarraitzeko modua izango dute eta ez dira zintzilik geratuko».
Izarkomeko kideek argi dute ez direla sartuko zerbitzu hau nork behar duen edo nork merezi duenaren aferan. Hutsune bat zegoela antzeman zuten, eta horri irtenbide azkar bat ematen saiatu dira. Iniziatiban parte hartzeko baldintza bakarra da eskaera ikastetxearen bidez kudeatzea.
Ohiko telekomunikazio konpainien antzera, Izarkomek telefono mugikor zerbitzuak ematen ditu. Kasu honetan, soilik bazkideei bidali beharrean, mugikorretarako SIM txartelak bidaltzen ari dira beharra duten familientzako, dena tokiko ikastetxearen bidez kudeatuta. «Guk ikastetxeei SIM txartelak bidaltzen dizkiegu. Ondoren, erabiltzaileek euren smartphonetan txartela sartzen dute, bertatik datuak etxeko ekipoetara elkarbanatu eta klasea jarraitu ahal izango dute. SIM txartel horien bidez Interneterako sarbidea izango dute ikasleek, baina ezin izango dira deiak egin», zehaztu du Izarkomeko kideak.
Euren eskuetan zegoena ikusita, Izarkometik Internet sarbidea duten 17 eta 20 gigabyte arteko SIM txartelak bidaltzen ari dira. Kontziente dira zerbitzua merke eskaini arren, zerbitzua eskatuko duten familia askok arazo ekonomikoak dituztela. «Badakigu nahiz eta txartelak merke atera ditugun, gastuak ikasleen baitan uzten baditugu, batzuk zerbitzua jaso gabe geratuko direla. Hortaz, printzipioz ikastetxeak egingo dira SIM txartel horien ordainketaren kargu. Gure aldetik, SIM txartelak jasotzen ditugun prezioan eskaintzen ditugu. Izango genituen irabaziak kendu eta banaketa kostuak gure gain hartuko ditugu».
Iraunkortasunik gabe
Berrogeialdia luzerako doa, eta ikasleek egoera honek iraun bitartean zerbitzuaz gozatu ahal izango dute. Hori bai, larrialdi egoera hau amaitutakoan, Izarkomek automatikoki SIM txartel guztiak bajan emango ditu. «Txartelek ez dute iraunkortasunik izango, hau da, egoera hau bukatzen denean, SIM txartel guztiak bajan emango ditugu. Argi ikusi genuen behar bat zegoela, eta behar horri erantzun bat bilatzeko asmoarekin bideratu dugu zerbitzua», zehaztu du Izarkomeko kideak.
Martxoaren 19an hasi ziren egitasmoarekin; egun horretan bertan pare bat eskaera jaso zituzten, eta ostiral horretarako jada, SIM batzuk bidaliak zeuden. Aurreko astean eskakizunez lepo ibili ziren, eta momentu honetan 350 SIM txartel banatu dituzte, hortaz, 350 ikasleri ari dira zerbitzua eskaintzen: «Goia jo genuela uste genuen, baina geroz eta ikastetxe gehiago ari dira informazio eske. Zerbitzuarekiko onespena oso altua izan da, eta neurri batean ez da harritzekoa. Ez du beste inork ezintasuna duten pertsona hauengan pentsatu, eta gu gara zerbitzu hau eskaini dugun bakarrak».
Adibide bat: Errenteriako Udalak, herriko ikastetxeekin elkarlanean, Izarkomen 110 txartel emango dizkie beharra duten ikasleei. Horrez gain, 41 ordenagailu banatuko ditu.