«Egoera ikusita, fisikoa ondo mantentzea lortzen badugu, asko izango da»
Arraun elkarteek ateak itxi dituzte eta arraunlariak etxera bidali dituzte. Etxean egindako lana koordinatzeaz eta talde sena eta motibazioa mantentzeaz arduratuko dira entrenatzaileak asteotan.
Duela hilabete eskas Pasaiako bokalean arraun egiten zuten, orain etxeko saloian edota ergometroa sartzen den edozein txokotan entrenatzen dute Sanpedrotarrako arraunlariak. Haiekin batera ari da, dena koordinatzen Mikel Arostegi entrenatzaileak. Ahalik eta hoberen ari direla esan dio HITZAri oriotarrak. Liga jokatzekotan ez dakite nola sasoian iritsiko diren, ziur da ordea, borroka emango dutela.
Nola ari zarete etxetik entrenatzen?
Bada ahal den moduan. Zortea izan dugu behintzat, denontzako ergometroak ditugu eta bakoitzak bat eraman ahal izan du. Pazientziaz, hortxe gabiltza denak.
Baliabide gutxirekin entrenatu daiteke?
Jende askok, adibidez, ez du pisurik etxean. Beraz, beste ariketa batzuk egin behar dituzte, abdominalak, flexioak eta abar. Esan bezala, ahal den moduan, baina entrenatu behar da.
Etxean entrenatu ala mantendu egiten da?
Egoera ikusita, fisikoa berean mantentzea onena izango litzateke. Behar bezala entrenatzea ez da posible, traineruan arraun egiterakoan, adibidez, etxean ergometroarekin landu ezin ditugun gihar asko indartzen dira. Fisikoa mantentzea lortzen badugu, asko izango da.
Zeintzuk dira etxean entrenatzearen mugak?
Ez nuke esango berez mugarik dagoenik. Helburua da norberaren aukeren arabera ahalik eta hoberen entrenatzea. Etxeko ate batean dominadak egin ditzakeenak, egin ditzala; bizikleta daukanak, horrekin aritu dadila; eta indarra egin nahi duenak, heldu dezala eskura duen zerbait eta tiratzea.
Elikadura gehiago zaindu behar dute arraunlariek?
Etxean sartuta hainbeste ordu emanda zaila da elikadura ongi zaintzea. Gorputza ez dugu asko mugitzen, eta ondorioz energia gutxi kontsumitzen dugu. Egunero lanera joan eta kirola egitera ohituta daudenentzat aldaketa handia da eta egoki elikatzea oso garrantzitsua da. Nola egin? Arraunlariek badakite zerk egiten dien kalte eta zerk ez. Egoera berri honetan ere haien ardura da egunero baskulara igo eta ongi ari ote diren neurtzea. Baina bai, zaila da etxean geldirik egon eta elikadura behar bezala zaintzea.
Orduan, oro har, zintzo ari dira arraunlariak?
Bai, oso ongi. Astean behin haiekin hitz egiten dut banan-banan zer moduz ari diren galdetzeko. Denon artean ere hitz egiten dugu sare sozialen bidez, egiten ditugun ariketak partekatzeko, nola entrenatzen dugun azaltzeko, eta tira, talde sena ere mantentzeko.
Eta zer esaten diozue elkarri?
Animoak ematen dizkiogu elkarri; eutsi egin behar dugula, hau laster pasako dela, entrenatzen jarraitu behar dela, pazientzia pixka bat eduki behar dugula…
Entrenamenduak diseinatzean, zein irizpide ematen dizkiezu arraunlariei?
Betiko berdinak izaten jarraitzeko ahalegina egiten ari gara. Baina uretara sartu gabe.
Itxialdi honetan, fisikoaz gain, buruarentzat ere ona da entrenatzea, ezta?
Noski. Itxialdian egonda kirola egitean, fisikoak bezala, buruak ere asko eskertzen du.
KAE1 Liga arriskuan izan daitekeela uste duzu?
Ezinezkoa da jakitea zer gertatuko den, baina nik espero dut liga jokatu ahal izatea. KAEkoak maiatzaren 15ean bilduko dira berriro. Ordura arte berdintsu jarraitu beharko dugu.
Zenbat denbora beharko zenukete behar bezala prestatzeko?
Gazte asko ditugu eta gehiago kostatzen zaigu blokea hartzea. Baina fisikoa ongi mantenduta, hilabete baten bueltan borroka ematekotan izan gaitezkeela uste dut. Hori bai, hain denbora gutxi izanda, ezinezkoa da %100ean egotea.