Enekoitz Markos: «Kuotak ez dira ordaindu beharko Elorsoro itxita dagoen bitartean»
Oiartzungo Kirol zinegotziak larrialdi egoerak kirol alorrean nola eragin duen eta egitekoak nola bideratzen ari diren azaldu du.
Nola eragin du zuen sailaren barruko lanean COVID-19 larrialdi egoerak?
Sail guztietan eragiten du larrialdi egoera honek, baina gurean bereziki, dezente eragiten du. Gure jarduna oso lotua dago elkarteen egunerokoarekin eta elkarte hauek antolatzen dituzten ekitaldiekin.
Telelan bidez ari gara lanean eta egiten ditugun lan aipagarrienak hauek dira: Elorsoro kiroldegiaren eta Madalensoro pilotalekuaren itxierak dakartzan ondorioak kudeatu; Eskola Kirolak martxan jarri duen egitasmoa kudeatu; Kirol Astearen balorazioa eta ordainketak egin; kirol elkarteen diru-laguntzak landu… Etorkizunean pentsatzen ere ari gara, baina egoera honek zenbat iraungo duen eta zein ondorio izango dituen ez dakigunez, ez da oso ariketa erraza.
Kirol elkarteek diru-laguntzak eskatzeko epea martxan zegoela iritsi da larrialdi egoera. Zein egoeratan dago tramitazio hori?
Diru laguntza eskatzeko epea bertan behera gelditu da, beste administrazio prozedurak bezala. Hala ere, kontaktuan gaude elkarteekin ahal badute diru-laguntza horiek banatzeko behar ditugun datuak emateko, horrela egoera normaltzean ahalik eta azkarren egin ahal izango dugu diru-laguntzen banaketa; berriro epea irekita, noski.
Elorsoro kiroldegia itxita dago martxoaren 13tik. Zein da egoera?
Elorsoro kiroldegia itxita dago eta oraindik ezin da aurreikusi noiz irekiko den. Kuotak ez dira ordaindu beharko kiroldegia itxita dagoen bitartean, ez delako zuzena ematen ez den zerbitzu bat ordaintzea. Martxoa ordainduta dute/dugu bazkideok baina diru hori bueltatu egingo da. Nola egingo dugun aztertzen ari gara eta jakinaraziko diegu bazkideei.
Aldi berean, langileen baldintzen inguruan ere ari gara lanean. Itxierak dirauen bitartean soldata osoa jaso dezaten ahalegin guztiak egingo ditu Udalak.
Eskola Kirola ere etenda dago. Hala ere, egunero etxean ariketa fisikoa egiteko proposamenak bidaltzen dituzte Kirolaisiko hezitzaileek. Nola baloratzen dituzue gisa honetako proposamenak?
Oso ongi baloratzen ditugu, izan ere itxialdiak dirauen bitartean haurrek jarduera fisikoa egitea eta itxialdi egoera hau hobeto eramateko ekintzak oso eskertzekoak dira. Hezitzaileek prestatzen dituzten ariketak entretenigarriak eta dibertigarriak dira, bai haurrentzako eta baita gurasoentzako ere, elkarrekin egin ditzaten.
Herriko kirol instalazio guztiak daude itxita. Madalensoro, Karla Lekuona, Elorsoro… erabiltzen dituzten elkarteekin nola landu da egoera hau?
Konfinamendu edo alerta egoera hau ofizial egin baino zertxobait lehenago hartu genuen kirol instalazioak ixteko erabakia Oiartzungo Udalean. Aurreikusten genuen egoera hau emango zela eta horregatik, itxiera hauek jakinarazteaz gain, elkarteei galdetu genien euren egoera zein zen, oraindik partidak eta entrenamenduak aurreikusita zeudelako (nahiz eta segituan dena bertan behera utzi zuten). Zorionez, elkarteek oso ongi ulertu zuten egoera eta eskertzekoa da izan duten jarrera.
Etxean ariketa fisikoa egitearen garrantzia azpimarratzen da toki askotatik. Ados zaude horrekin?
Nire ustez ere hala da. Itxiera egoera honetan ohi baino gutxiago mugitzen gara eta ona da jarduera fisikoa egitea. Bestetik, aisialdi aukera bat ere bada, itxialdiak dakarren zama arintzen lagundu dezakeelako, deskonektatzen, alegia. Egongo da jendea beharrik ez duena edo alferrikakoa irudituko zaiona, eta nire ustez garrantzitsuena jarduera gustura egitea da, zerbait ematen dizula sentitzea.
Kirol Astea izan zen kirol sailak antolatuta egin zen azken ekitaldia. Zein balorazioa eta sentsazio utzi ditu aurtengoak?
Kirol Astearekin oso gustura gelditu gara. Beti daude hobetu daitezkeen gauzak baina, orokorrean, balorazioa oso positiboa da. Batetik, jende askok hartu du parte antolatutako ekitaldietan eta oso positiboki baloratu dituzte. Bestetik, herriko elkarteek protagonismo handia izan dute antolaketan. Ia kirol elkarte guztiek antolatu dute ekitaldiren bat, eta ez kirol elkarteek bakarrik: Labore Oarsok, Abaraxka ludotekak, Mindarak edota Gazte Izanak erretiratuen elkarteak ere lagundu eta antolatu dituzte ekitaldiak.
Besterik esan nahi al diezu oiartzuarrei?
Animoak eman nahi dizkiet herritarrei bizitzen ari garen egora berezi honetan, eta pentsa dezatela egun bat gutxiago falta dela kalera ateratzeko jarduera fisikoa egitera edo bakoitzak gustuko dituen ekintzak egiteko. Animo!