Lehorrean utzi ditu birusak
Duela hilabete traineruan egiten zutena, etxetik ari dira egiten orain arraunlariak. Ez dakite nola eragingo dien egoerak lehiaketei, baina argi dute une honetan lehentasuna osasun publikoa dela.
Guztiak bezala, lekuz kanpo harrapatu ditu Covid-19 birusak arraun elkarteak. Martxoaren 7an, ohi bezala, Txingudiko eta Pasaiako badiak ontziz beteta zeuden; gazteak bateletan txapelketaren azken txanpa prestatzen eta helduak traineruetan, udan hastekoak ziren liga nagusiei begira. Hastekoak, gaur- gaurkoz ez baitago argi jokatuko ote diren, ezta nola ere ez. Dena etenda dago. Egun gutxitan ontziak uretik atera eta kluben ateak epemugarik gabe ixtera behartu du koronobirusak. Hala ere, Hondarribia Arraun Elkarteko lehendakari Joxemi Elduaien ez da kexu, «ez da guri bakarrik eragiten digun arazoa, gizarte osoari baizik. Oraintxe bertan kutsatzeak gelditzea da garrantzitsuena». Hondarribikoekin bat datoz San Juan-Koxtape Arraun Elkartean, une honetan kirola bigarren maila batera pasa da, «Pasaiako Udalaren bando bat jaso bagenuen ere, guk geuk itxiera beharrezkoa zela erabaki genuen. Une honetan osasun publikoak du erabateko lehentasuna» adierazi du Xabier Arraras lehendakariak.
Hiru aste igaro direla, atzean utzi dute shock egoera, baina zehaztasun falta berbera da; galdera asko eta erantzun gutxi. Arraun elkarteetatik kanpo, baina, lanean jarraitzen dute. Materiala banatuta arraunlariak etxera bidali zituzten etxerako lanekin; zuzendaritzetakoak ere telelanean daudela esan daiteke. Testuinguru berezi honek euskarri digitalen onurak erakutsi dizkie behintzat elkarteei, «Whatsappa, posta elektronikoa, bideodeiak eta aurrera; ez dago besterik», dio Elduaienek.
Kolpe bera denentzat
Era positiboan eta alai ekin diote hondarribiarrek inork nahi ez zuen aro berri honi. Baina baikor izanda ere, Elduaienek badaki egungo egoera «normaltasunetik kanpo» dagoela, eta ezin duela luzeegi iraun. Arrainak bezala, arraunlariak ere ezin dira denbora asko egon uretatik kanpo. Itxialdiak ondorioak izango ditu, etxean izanda sasoian mantentzea zaila delako, baina lasai daude Hondarribian, elkarte guztiek ondorio berberak pairatuko baitituzte, «egoera latza da eta ezin dugu ezer egin aldatzeko. Baina ez guk eta ez beste inork. Lehiakide guztiak baldintza berdinetan gaude». Gehiago ala gutxiago izan, tripulazio guztiei berdintsu eragingo die geldialdiak.
Itxialdiaren epemugarekin batera, ligei noiz ekingo zaien da elkarte guztien zalantza nagusia, eta ekitekotan zein baldintzetan izango litzatekeen. Une honetan argitu gabe jarraitzen dute galdera horiek, baina Hondarribia AEko lehendakaria «baikor» da, eta ligak jokatzeko moduan izango direla uste du, betiere Euskal Herrian Covid-19aren izurritea etetea lortzen bada, «Txinak izan duen bilakaera berdina badugu, pentsatu nahi dut udan arraun ligak izango direla».
Oraingoz ez da hartu erabakirik gaiaren inguruan, baina asmoa da Euskotren zein Eusko Label ligak egitea. Ikusteke dago, ordea, zein formatuan, «baliteke denboraldi normala ez izatea eta ohiko egutegia ez betetzea», ohartarazi du Elduaienek. Pentsa liteke ekainera arte denbora asko falta dela, eta ordurako dena bere onera etorriko dela. Baina ezin da ahaztu arraunlariek gutxieneko denbora tarte bat beharko dutela sasoia berreskuratzeko eta lehiako erritmora egokitzeko.
Entrenatzeko duten denbora «egoeraren eboluzioaren araberakoa» izango da hondarribiarraren aburuz. Aukerarik onena, lehen estropada baino lehen gutxienez bi hilabetez entrenatzea izango litzateke, baina malgutasuna erakusteko prest daude, «baliteke denbora gutxiagorekin konformatu behar izatea, denboraldia aurrera atera ahal izateko. Baina gutxienez hilabete bat beharko genuke», gaineratu du Elduaienek. Hondarribian ahaleginak egingo dituzte, aurtengo udan Ama Guadalupekoa-ren hiru traineruak uretan egoteko.
Gazteak ere, etxetik
Arraunaren zaleak udari begira ari dira, baina oraingoz koronabirusaren ondorioak arraunlari gazteek pairatu dituzte bereziki. Batel liga eten behar izan da, eta denbora aurrera doala ikusita, hura amaitutzat jo dute. Urteko momentu garrantzitsuenean zirela, etxera bidali dituzte eta helduak bezala, handik ari dira entrenatzen hondarribiarrak, baita sanjuandarrak ere.
Arrosen presidente Xabier Arrarasentzat garrantzitsua izango litzateke haien lanari aitortza egin eta gutxienez Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako batel txapelketak antolatzeko ahalegina egitea, «urte osoa eman dute entrenatzen orain dena emateko, eta bat-batean egindako lana erakusteko aukera galdu dute. Iruditzen zaigu une unetan haiei lehentasuna ematea komenigarria dela». Harrobia ongi baino hobeto zaintzeagatik ezaguna da Donibaneko elkartea, eta prest daude egutegiak aztertu eta berrantolatzeko, gazte mailetakoek lehiatzeko aukera izan dezaten.
Gipuzkoako Batel Txapelketa udaberriko oporraldi honetan egitekoa zen, eta jarraian Euskadi eta Espainiakoak zetozen. Oraintxe bertan argi dagoen gauza bakarra da data horietan egitea ezinezkoa izango dela, eta udaren hasierarako traineruak uretaratzen hastea aurreikusia dagoela. Aukerak eskasak izanik, sanjuandarrak prest daude sakrifizioak egiteko, «trainerillen liga bertan behera utziko genuke. Hori da urtean zehar garrantzia gutxien duen modalitatea», dio San Juan-Koxtapeko lehendakariak. Maiatza-ekainean jokatzen da trainerillen liga, traineruen sasoiaren atarian alegia. Tarte hori batelen txapelketak egiteko erabiltzea «oso egoki» ikusten dute arrosek.
KAE eta ETE
Senior Mailako ETE, KAE1 eta KAE2 ligetan traineru bana ditu ditu San Juan-Koxtape Arraun Elkarteak. Klub gehienetan bezala, baikor dira eta ziur daude udan nola edo hala lehiatu nahi dutela. Helburu horri jarraiki, fin ari dira etxetik elkarteko kideak; arraunlariak entrenatzen eta zuzendaritzakoak bulegoko gaiekin, «klubeko ateak itxi arren, arraun elkarte baten jarduna ez da inoiz eteten», dio Arrarasek. Zalantzak nahi adina dituzte elkarteetan, baina oraintxe bertan lehentasunak bestelakoak direla aski garbi dute. Une batean ala bestean arrauna itzuliko dela ez dago zalantzarik.