Jon del Olmo: «Krisi honi aurre egiteko egoera onean gaude, baina ez du esan nahi eraginik izango ez duenik»
Koronabirusaren krisiak eragindako egoera larrienei aurre egiteko eta herriko enpresa, merkatari eta ostalariak babesteko Oiartzungo Udalak aztertutako neurriak azaldu ditu Ogasun zinegotziak.
Jakin al daiteke zer eragin izango duen osasun larrialdi honek Oiartzungo ekonomian?
Kezka sumatzen dugu gure inguruan eta guk ere badugu. Eragina izango duela ziur gaude, eta diru sarreren inguruko Foru Aldundiaren lehenengo aurreikuspenak baditugu. Baina horixe dira, aurreikuspenak. Zaila da eragina kuantifikatzea, astetik astera egoera eta neurriak aldatzean direlako.
Gaur gaurkoz, sektore ekonomiko gehienak geldirik daude. Gure herrian gehiengoa industria eta zerbitzuak dira. Beste erakunde batzuk hasi dira laguntza neurriak onartzen eta Udalak hor bere lekua topatu beharko du, neurri osagarriak hartzeko eta neurri horiek gure herriko egoerara egokitzeko. Oraingoz egin dezakegun hoberena, zuhurtziaz jokatzea da. Eragile guztiekin hitz egin eta diagnostikoa egiten joan.
Udalak hartu duen neurrietako bat, tasa eta zergen ordainketen ingurukoa izan da. Ordainketa martxan zutenen epea luzatzea erabaki duzue eta uda aurretik hastekoak zirenak atzeratzea, ezta?
Udalak dirua biltzeko zergak eta tasak erabiltzen ditu. Zerga nagusiak ibilgailuen biñeta, etxebizitzen kontribuzioa eta enpresen jarduera ekonomikoa dira. Tasak, besteak beste, hondakinena eta urarena. Honen inguruan, zerga egutegian dugu eskumen nagusia. Zein zerga kobratu behar ditugun eta nola, legez Aldundiak ezartzen du. Baina udalok erabakitzen dugu kobraketa egutegia nola antolatu.
Zerga eta tasa batzuen epeak dagoeneko irekita zeuden, ibilgailuen zerga eta 2019ko azken uraren tasa, adibidez. Helbideratuta duten herritarrei berdin kobratu zaizkie, ezin dugulako agindua atzera bota. Eta helbideratu gabe dauden erreziboak ordaintzeko epeak luzatu ditugu. Errezibo horietako bat etxean duenak, jakin dezala ordainketa atzeratu dezakeela. Uda bukatu arte martxan jartzeko ordainketa epeak ere atzeratu egin ditugu. Hondakinena eta urarena adibidez. Beste edozein hobari edo moldaketa egiteko, Aldundiaren erabakiaren zain geratu beharko dugu.
Hondakinen tasak erabiltzen denaren arabera kobratuko dira. Neurri horrekin enpresa, komertzio eta ostalarien egoera ekonomikoa arintzea da Udalaren helburua.
Bai. Etxebizitza arruntetan zerbitzua berdin jasotzen ari dira, baina ulertzen dugu ixtera behartuta dauden enpresa txiki, komertzio eta ostalaritza enpresetan, bereziki haiei ematen zaizkien zerbitzu gehigarriak ez dituztela erabiliko. Ondorioz, kobratu beharreko kopuruak egokituko ditugu.
Etxez etxeko zerbitzua eta Madalensoroko aparkalekuen kuotak, aldiz, mantendu egingo dira. Zergatik?
Etxez etxeko zerbitzuaren kasuan, aldaketak egon badira dagokiona kobratu zaio bakoitzari. Egoerara egokitzeko, erabiltzaile batzuk ez dute zerbitzua jasotzen, etxez etxeko langileak beste eginkizun batzuetara bideratu behar izan ditugulako. Madalensoroko aparkalekuen kasuan, ulertzen dugu zerbitzua ez dela aldatu.
Zorrak ordaintzeko epeekin malgutasunez jokatuko duela iragarri du Udalak. Zer lortu nahi da erraztasun horiekin?
Udalak zordunekin zatiketa planak jarri ditzake martxan, denboran zehar ordainketak pixkanaka egiteko. Kasu horietan malgutasunez jokatuko dugu, badakigulako berez egoera zailean dagoen kolektiboa dela.
2020ko udal aurrekontuan ere eragina izango du egoera honek?
Bai, gaur egun indarrean dagoen aurrekontuak ez du balio. 2019 bukaeran, diru sarrera jakin batzuekin urteko plangintza egin genuen, gure proiektua garatu ahal izateko. Foru Aldundiaren ekarpen bat espero genuen. COVID-19aren ondorioz, ekarpen horretan % 20-% 25eko jaitsiera aurreikusten dute Aldundiak berak.
Gainera, geldialdiak ekarri dituen ondorioei ere aurre egin beharko diegu. Esleipen kontratuetan kalte-ordainak egon daitezke, adibidez. Ondorioz, aurrekontua birmoldatzeko lanetan ari gara. Gainera, kontuan hartu behar da diru sarreretan eragina aurten nabarituko dela, baina baita hurrengo urtean ere, 2020ko aktibitatearen zerga batzuk 2021ean biltzen direlako.
Udalak azpikontratatutako zerbitzu batzuetan ere aldaketak eragin ditu egoera honek.
Udalak azpikontratatuta dituen zerbitzu batzuk moldatu egin dira egoera berrira eta martxan jarraitzen dute. Moldatu ezin diren horiek aktibitatea geratu behar izan dute. Hemen sartzen dira Elorsoro kiroldegia, Abaraxka ludoteka edo Mendiburu 14ko lanak, adibidez. Kasu bakoitzaren azterketa egin behar dugu, baina oraintxe bertan zaila da, ez dakigulako egoerak zenbat iraungo duen. Dena den, irizpide orokorra argi dugu: enpresa horietako langileek soldataren %100 jasotzeko formula bilatzen saiatuko gara eta kuotak (dauden kasuetan) egokitu egin beharko dira.
Martxan zeuden proiektu, inbertsio eta egitasmo batzuk geratuta daude, Espainiako Gobernuaren dekretuz. Geldialdiaren ondoren zer gertatuko da horiekin?
Martxan dauden proiektu eta inbertsioak bere horretan mantenduko ditugu. Kasu askotan esleipenek eta hitzarmenek indarrean jarraitzen dute, eta geldialdiaren ondoren berriz ere martxan jarri beharko dira.
Eta hasi gabe dauden proiektu, inbertsio eta egitasmoekin zer gertatuko da?
Hasi gabe dauden proiektu eta egitasmoak ez ditugu martxan jarriko uda pasa arte, gutxienez. Ziurgabetasun egoera batean gaude eta COVID-19aren ondorioak kudeatzeko plana dugu martxan. Horretan, ez da aurreikusten ezer berririk martxan jarriko dugunik. Eta baliteke 2021 edo 2022ra atzeratu behar izatea egitasmo ugari. Beti jokatu izan dugu zuhur kudeaketaren inguruan, eta momentu honetan gehiago oraindik.
Oiartzungo Udala krisi honi aurre egiteko moduan al dago?
Aurreko legegintzaldia, herria egituratzeko eta oinarrizko beharrak asetzeko erabili genuen. Bai azpiegiturei dagokionean eta baita beste egitasmoei dagokionean ere (merkataritza, etxebizitza eta alokairua…). Horri esker, orain krisi honi aurre egiteko egoera onean gaude. Baina horrek ez du esan nahi eraginik izango ez duenik eta alarma egoera bukatuta lehengora bueltatuko garenik. Lehen esan dudan moduan, aurrekontuek ez dute balio eta hauek birmoldatzen ari gara. Gainera, Mendiburu 14ko proiektua dugu martxan, estrategikoa da udal zerbitzuen egituratzean eta Euskara, Ongizate eta Kultura alorrentzat. Honi eustea beharrezkoa dela jakinda, beste guztia egokitu beharko dugu.
Egoera honek buelta ematen duenean erabaki gehiago hartu beharko ditu Udalak. Dagoeneko aurreikuspenak egiten ari al zarete?
Bai, epe motzera lehenengo aurreikuspenak ditugu eta aktibitatea berreskuratzen den heinean datu zehatzagoak edukiko ditugu. Udal zergen ikuspuntutik ez dugu aldaketa handirik espero, kobratzen den hori nahiko egonkorra baita. Baina beste erakundeek diru bilketan jaitsierak aurreikuten dituztenez, guk kontuan hartu behar ditugu. Esan bezala, urteko plangintza berrantolatu behar dugu, ez alarma egoerak irauten duen bitartean bakarrik, baita 2021ari begira ere.
Udalaren harremanetarako bideak aldatu ditu egoera honek. Adibidez, webgunea da zertarako erabili daiteke?
Udalaren webgunearen bitartez abisuak edo matxuren inguruko informazioa bidali daiteke. Ez da eskaerarik egin behar eta oinarrizko beharrak modu azkarrean konpontzeko balio du. Bestalde, tramiteak online egiteko, Bulego Elektronikoa dugu. Hor sartzeko, erabiltzailea eta pasahitza behar dira. Erabiltzailea udalean presentzialki eskatu behar da. Hala ere, alarma egoerak irauten duen bitartean alternatiba bat jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak. Bak izena du eta hemen lortu daiteke online.
Gainera, zergak eta tasak ordaintzeko Eusko Jaurlaritzako Ordainketa plataforma hau dugu. Erreziboko datuak sartu eta txartelaren bidez ordaindu daiteke. Dena den, udaletxera deitu eta kontu korrontea eskatu daiteke, transferentzia egiteko.
Udalaren webgunea eta twitter sarean (@oiartzunudala) informazio eguneratua jaso dezakete herritarrek.
Telelanaren bidez, baina Udalak martxan jarraitzen du. Telefonoz eta posta elektronikoz zalantzak argitzen dira eta hartutako erabakien berri ematen da sare sozial eta webguneen bidez.