Iosune Cousillas: "Egoeraren baitan ikusiko dugu nola jokatu"
Oiartzungo Kultura zinegotziak kultur jarduerei errepasoa eman die. Dena oraindik kolokan dagoela esan du, eta kulturaren garrantzia nabarmendu du.
Oiartzun, kultura aldetik, herri oso bizia da. Iosune Cousillas Kultura zinegotziaren argi utzi nahi izan du udalaren webgunean Koronabirusak behartutako itxialdiak agerian utzi duela zein garrantzitsuak diren kultura ekitaldiak.
Herrian antolatzen ziren kultur ekintza guztiak bertan behera geratu dira COVID-19aren krisiarengatik, ezinbestean. Herriko eragileen/kultur ekitaldien garrantziaz jabetzeko balio du hutsune horrek?
Azkeneko hilabete honetan pairatzen ari garen egoera berezi honekin nabarmen geratu da zer den herri bat herritarrik gabe, eta herritarrek antolatzen dituzten ekintza horiek gabe.
Manuel Lekuona biblioteka fisikoki itxita dago, baina digitalki bada ere, eskaintzarekin jarraitzen dute: maileguak, ipuin-kontaketak, irakurketa taldea… Kultura sailak zalantzarik izan al du horiekin jarraitzeko?
Bibliotekara fisikoki gerturatu ezin bada ere, gaur egun ditugun baliabide digitalei esker nolabait eskaintzarekin jarraitzeko ahalegina egin da. Kultura sailak ez du izan inongo zalantzarik eskaintza hau egiteko momentuan. Are gehiago, herritarrek egun hauetako aisialdia betetzeko gisa horretako eskaintzak ezinbestekoak direla deritzot.
Atsolorra izan da ospatu ezin izan den ekitaldietako bat. Udalak eta 2019ko guraso antolatzaileek hartu al duzue erabakirik honen inguruan?
Berrogeialdia hasi baino lehen martxoaren 29rako dena antolatuta bagenuen ere, bertan behera utzi behar izan genuen egoerak hala behartuta. Dena den, hau guztia pasatzen denean, berriz bilduko gara eta adostuko dugu data berri bat atsolorra ospatu ahal izateko. Aurtengoan beranduago izango bada ere, Oiartzungo herriak 2019an jaiotako haurrei merezitako ongi etorria egingo die.
Eraginik izango al du krisi honek Mendiburu 14ko kultur aretoaren proiektuan?
Jakina da krisialdi honek era batera edo bestera eragina izango duela. Hala ere, Mendiburu 14 proiektuak lehentasuna du, eta, ondorioz, aurrera jarraituko du. Baldintza egokiak ematen direnean, lanekin jarraituko da.
Arizmendi-enea etxea da kultura arloarekin harreman zuzena duen beste proiektu bat. Bukatuxea zegoen zaharberritze lana, baina irekitzea falta zen. Proiektuak aurrera jarraituko al du?
Bai. Une honetan etxeko zaharberritze lanak amaitzeko daude. Etenaldia hasi baino lehen, altzarien zaharberritze lanekin hasiak ziren. Ahal den bezain laster jarraituko da eginkizun horrekin. Bestalde, horrekin batera Arizmendi-enea etxearen zabalkuntza kudeatzen ari gara. Beraz, esan dezakegu proiektuak aurrera jarraitzen duela.
Ondarearen Etxea izango da Arizmendi-enea. Eragin al du egoera honek Ondarearen Mahaian eta ondarearen arloko lanetan?
Ondare arloko lan nagusienetako bat Oiartzungo ondarea biltzen duen webgunearen osaketa da momentu honetan. Proiektu horrek aurrera darrai. Telelanaren bidez egingarria denez, ez da etenik izan eta oso aurreratua dago. Bestalde, Ondarearen Mahaiarekin harremanetan gaude ondarearen inguruko azalpenak emateko. Datozen hilabeteetan izango diren hainbat ekimen eta proiekturen berri eman diegu, ekarpenak egiteko gonbita zabalduz.
Egoera arruntean, honez gero xanistebanetako Jai Batzordea martxan egongo zatekeen. Aurtengoan, zein da egoera?
Bai, jadanik lehenengo bilera egina behar genuen. Ez gaude ahaztuta Jai Batzordearekin eta herriko festekin. Guk ere nahi dugu eragileen kemena eta bizipoza herritar guztiengana iristea. Eragileak eta herritarrak gogoan ditugu. Jai Batzordeko kide guztiekin harremanetan jarri gara adierazteko une honetan ezin dugula bildu, baina egoera lasaitzen denean eta horretarako baldintzak ematen direnean, berriz ere harremanetan jarriko garela beraiekin.
Hortik aurrera, ezin da askoz gehiago esan, izan ere, egoerak aginduko du zer nolako pausoak emango diren. Beraz, zain egon behar dugu, eta ondoren, ikusiko dugu zein baldintzak dauden. Hala ere, Jai Batzordearekin harremanetan egongo gara guztiaren berri emateko.
Mugarri bildumako liburua lantzen ari zarete. Aurtengoa berezia izango da: Xabier Leteri buruzkoa.
Bai, aurtengoan herriko semea zen Xabier Leteren ingurukoa izango da Mugarri. Eta egileak Haizea Saez de Eguilaz, Elixabete Perez Gaztelu eta Anjel Lertxundi dira.
Urtekari Batzordea ere martxan da. Nola ari zarete osatzen urtekaria?
Berrogeialdia hasi baino lehen biltzen hasia zen Urtekari Batzordea. Une honetan fisikoki elkartu ezin bada ere, etxetik bilerak egiten jarraitzen du formatu digitalean. Berdina ez bada ere, probetxugarriak izaten ari dira eta Batzordeak bere martxa darama. Uztailaren bukaerako urtekarialdizkaria gure eskuetan edukitzea aurreikusten dugu.
Udaberria-uda datoz, kaleak ekintzaz betetzen diren garaia. Hurrengo hilabeteak nolakoak izango diren aurreikusi dezake Udalak?
Erantzun zaila du galdera honek! Une honetan inork ez daki zein izango den eboluzioa, noiz arte luzatuko den alarma egoera eta konfinamendu egoeran noiz arte egon beharko dugun. Are gutxiago dakigu egungo neurri bereziak amaitzen direnean nolakoak izango diren hartuko diren neurriak eta emango diren aholkuak, besteak beste kultur, kirol edota aisialdirako ekitaldi publikoak antolatzeko garaian.
Era berean, ez dakigu aretoetan edota kalean jende-kontzentrazioak onartzeko edo saihesteko neurriak zeintzuk izango diren. Beraz, horren guztiaren baitan joango dira datozen hilabeteak…
Auzoetako festak ere badatoz: eraginik izango al du krisi honek auzoetako festetan?
Bai, eragin zuzena izango du, batez ere uda hasieran ospatzen diren auzoko festetan. Batetik, antolatzeko garaian zailtasunak egon daitezke, bestetik, gerta daiteke garaia iritsita, egoera honengatik festak ospatu ezin izatea. Egoeraren baitan ikusiko da nola jokatu.
Herri eragileek antolatutako ekintzak egingo al dira aurrerago?
Bertan behera geratu behar izan diren ekintza horiei dagokionean, eragileek erabakiko dute aurrerago egin nahi dituzten ala ez. Guk haiekin batera jarraituko dugu lanean, eta egoera hau pasatzen denean elkartuko gara berriro, irtenbideak bilatzeko. Aurrerago egingo diren ekintzen antolatzaileekin ere bilduko gara, aukeren eta baldintzen inguruan hitz egiteko.