Papresako lohi tratamendu eremuaren egoera salatu du Eguzkik
Tratamendu eremua aire zabalean dagoela salatu du erakunde ekologistak, eta pertsonen osasunarengan eragin txikiagoa izateko neurriak eskatu dituzte.
Eguzki talde ekologistak Papresa fabrikako lohi tratamenduen eremuaren egoera salatu du. Lehenik eta behin, esan dute horrelako lantegi bat herrigunean izatea “anakronikoa” dela, eta enpresak ez duela ezer egiten kutsadura saihesteko.
“Legez baimendutako mugak ez gainditzeak ez du esan nahi haien jarduera kaltegarria ez denik, ezta gutxiagorik ere, bai ingurumenarentzat, bai osasunarentzat gai kutsatzaileak eta kaltegarriak ia etengabe isurtzen ari direlako”, esan dute.
Eguzkiren hitzetan, eskumena duten administrazioek ez dute lohien tratamendu eremuaren egoerari buruz ohartarazi. Esan dute bidegorria zein etxebizitzak hurbil daudela. Lohi horiek aire zabalean geratzen dira dekantazio prozesuaren ondorioz, eta lurrunak kiratsa sortzen du.
“Papresari 2018ko irailean emandako IBIan (Ingurumen Baimen Integratua)” jarraitu du Eguzkik, “Errenteriako Udalak ez zuen parte hartu, nahiz eta errekerimendua jaso, eta gure taldeak alegazioak aurkeztu zituen, inolako zorroztasunik gabe ezetsi zirenak, ‘forma-kontuengatik'”.
Esan dutenez, IBI horretan EHTei (eskura dauden hobekuntza teknikoak) egiten zaie erreferentzia. Talde ekologistek galdera bat luzatu dute: “Zer hobekuntza tekniko garatzeko prest dago Papresa, ingurumenean eta pertsonen osasunean ahalik eta eragin txikiena izan dezan, baldin eta depositu horiek estaltzeko gai ez bada?”.
Loiolako ur deposituaren eredua gogorarazi dute: “Loiolan, behin tratamendu-prozesua amaituta, eta ur horiek itsaspeko isurbidetik itsas ingurunera isurtzeko moduan daudela, ur-biltegiak estalita daude. Hau da, hondakin-uren araztegian jada tratatuta dauden eta, ondorioz, inolako isurketarik sortzen ez duten uren biltegiak estalita dauden bitartean, Papresakoak, aurretiko tratamendu-fasean egonda, lehen aipatutako isurketak sortzen dituztela, agerian daude”.
Horregatik guztiagatik, Eguzkiak exijitzen du “denboran luzatzen ari den egoerari” neurriak hartzea, “ingurune osasuntsu eta usain txarrik gabekoaren alde”.