Larrialdi sanitarioan Errenteriako Udalaren kudeaketa goraipatu du Elkarrekin Podemos-IUk
Adierazpen ofiziala helarazi du koalizioak. COVID-19arekin gaixotutako bizilagunei eta haien senideei babesa eta elkartasuna adierazi diete, bereziki gertuko norbait galdu duten herritar horiei.
Larrialdi sanitarioa hasi zenetik, Errenteriako Udalak egindako kudeaketa goraipatu du Errenteriako Elkarrekin Podemos-IUren udal taldeak. Adierazpen ofizial baten bitartez Errenteria-Oreretako biztanleei zuzendu zaie gaur koalizioa. Lehen hitzak, koronabirusak jo dituen herritar horientzat izan da, “lehenik eta behin babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu COVID-19a pairatu edo pairatzen ari diren herritarrei, eta batez ere, gertuko norbait galdu dutenei” dio mezuak.
Egunero etxetik irten behar duten langile guztiak aintzat hartu dituzte,”eskerrak eman nahi dizkiegu gure bizitza ahalik eta normalena izatea ahalbidetzen duten langileei; babes zibileko kideak, udaltzainak, garbitzaileak, osasun arloko profesionalak eta elikagai saltokietako langileak”.
Pozik agertu da Elkarrekin Podemos-IU, Errenteriako Udalak hartu dituen neurriekin. “Zeregin garrantzitsua” betetzen ari dela iritzi dute. Udalaz gain, udalbatzan ordezkaritza duten alderdi guztien prestutasuna eta konpromisoa ere nabarmendu dute eta urrats handiagoak emateko eskatu, “akordiorako marko hau egonkortu eta zabaltzea da gure apustua”.
Udaletik egindako kudeaketa orokorrean egokia da haientzat eta pare bat neurri aipatu dituzte eredu gisa “garrantzitsua iruditzen zaigu, herrian osatu den zaintza lanen sarea. Pertsona ugarik parte hartu dute eta adineko pertsonei babesa emateko balio izan du. Bestalde, baliabiderik ez duten ume eta gazteei, gailu informatikoak emateko ardura bere gain hartu du udalak”. Telefonotik arreta eta informazio zerbitzuak eskaintzen dituztenen lana ere gogora ekarri dute, hala nola, Emakumeen Etxeak emandako aholkularitza juridikoa eta ahalduntze pertsonala.
Ezkutu soziala
Orain arte egindakoa goraipatzearekin batera, “jarraipena” izan dezatela eskatu Elkarrekin Podemos-IU. Gizartea gogor joko duen krisi ekonomikoaren ondorioei aurre egiteko estrategia bat nahi dute, “larrialdi sozialari erantzungo dion plan ekonomiko bat behar dugu, nahiz eta horren ondorioz udal aurrekontuko hainbat proiektu atzeratu”.
Koalizioak “ezkutu sozial” bat eratzea proposatu du, estutasun ekonomikoak pairatzen duten herritarrak babesteko, “oso argi dugu ezin dela inor atzean utzi. Oinarri horren arabera egingo dugu lan”.