Txistu egingo dute euskal presoen alde
Balkoietan egin beharrekoa da Sarek eta Etxeratek antolatu duten iniziatiba, baina sare sozialetara eraman nahi dute ondoren ahalik eta gehien zabaltzeko. Helburua, euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak bertan behera uztea.
Euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak salatzera deitu dute Sare Herritarrak eta Etxerat euskal errepresaliatuen senide eta lagunen elkarteak. Ostiralean egingo dute iniziatiba, eta agertokia, berriz ere, Euskal Herriko hiri, herri eta auzoetako balkoi eta leihoak izango dira. Euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak gogorrak badira jada, COVID-19ak eragin duen alarma egoeraren ondorioz, are gogorragoak bilakatu dira bai euskal presoentzat zein haien senide eta lagunentzat.
Balkoietan egin beharrekoa da Sarek eta Etxeratek antolatu duten iniziatiba, baina sare sozialetara eraman nahi dute ondoren ahalik eta gehien zabaltzeko. Helburua, euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak bertan behera uztea. Ostiralean (hilak 24) azken ostirala izanik, Etxetik etxera saioa egingo du Sare Herritarrak bere Facebook kanalean eta hura amaituta balkoi eta leihoetara ateratzera deitu ditu herritarrak eta txistu hiru aldiz egitera, 19:30ean. Protesta hori bideoan grabatzea eskatu du, horizontalean, eta ondoren Sareren posta elektronikora, edo 678 137 405 telefono zenbakira bidaltzea eskatu du. Sare sozialetan partekatzea ere eskatu du #EtxeanNahiDitugu traola erabilita.
Salbuespen neurriak
Aurrez aurreko zein kristal bidezko bisita guztiak etenda dituzte, eta oraintxe bertan, telefono deien bidez dute senide eta lagunekin harreman bakarra. Espetxe barruan gainera, ez dute higiene eta babes neurri gutxienekoak bermatzeko aukerarik, ez dute maskara, eskularru, edo segurtasunerako gutxieneko tartea gordetzerik, eta egoera horretan, presoetako batzuk ziegan gelditzeko baimena eskatu dute patiora atera gabe, espetxeak horretarako aukera ematen duen kasuan. Egunkaria ere ez dute jasotzen alarma egoera indarrean jarri zenetik, paketeen bidalketa bertan behera utzi zuelako posta zerbitzuak.
Urrunduta eta inoiz baino isolatuago aurkitzen dira, beraz, euskal presoak, berez gaixotasunarekin bateragarria ez den espazio batean, gainera.
Egun gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 17 euskal preso daude. Honakoak dira patologiak: bihotzeko gaitzak, eskizofrenia, obsesio paranoidea, ikusmen galerak, Ihesa, minbizia, gaitz degeneratiboak, espondilitisa, esklerosi anizkoitza, gaixotasun artritikoak… Horiei guztiei, konfiantzazko medikurik gabe eta senide eta lagunen babesik gabe egin behar diete aurre. Zaurgarrienak horiek, eta adinekoak, euskal presoen kolektiboa gero eta adineko gehiago daudelako. Horiekin batera, asko dira zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenak, baina horien kasuan ere ez dute urratsik egin.
Momentuz, Espainiako Estatuak soilik Gorka Fraile, larri gaixo dagoen euskal presoa utzi du baldintzapean aske 22 urte espetxean bete ostean. Hirugarren graduan zegoen eta ez du Iruñeko espetxera lotara itzuli beharko Durangarrak erabaki horren arabera. Etxeratek jakinarazi zuenez, presoek duela 3 urte abiatutako norabidetik baldintzapeko askatasuna lortu bitarteko ibilbide juridiko-penitentziario osoa egitea lortu duen Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) lehen presoa izan da durangarra.
Frantziako Estatuaren kasuan, larri gaixo edo adinekoak diren presoekin neurriak hartuko zituela jakinarazi bazuen ere, euskal presoak neurri horietatik kanpo utzi ditu, eta espetxean jarraitu beharko dute larri gaixo daudenak, baita adinekoak ere.
Gure bi eskualdeetan larri gaixo dauden bi preso dira, biak Errenteria-Oreretakoak: Mikel Arrieta eta Aitzol Gogorza. Euskal Herritik 1.100 kilometrora baino gehiagora dagoen Algecirasko Botafuego espetxean (Andaluzia, Espainia) dago preso Arrieta. Espondilartropatia kroniko seronegatiboa du Arrietak, endekapenezko gaixotasun larri eta sendaezina. Gogorza ere larri gaixo dago, eta pasa den urteko apiriletik espetxealdi arindua ezarrita etxean zigorra betetzen ari da oreretarra eskumuturreko telematikoarekin; etxetik terapietara joateko irteteko baimena du bakarrik. Nahasmen obsesibo konpultsiboa du Gogorzak.