Lur Kortaren online kontaketa, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko
Bi emanaldi laburrekin osatu du Udal Bibliotekak jarduera; 12:00etan izango da lehena eta 19:00etan bigarrena; zeinu hizkuntzan ere egingo dute.
Koronabirusak arlo guztiak berrasmatu beharra ekarri du, besteak beste. Ez da erraza egoera berrira moldatzea, baina lortzen ari dira. Horren adibide, Udal Biblioteka da; ateak itxita baditu ere, eskaintza mantentzen jarraitzen du etxealdian herritarrek kulturaz, literaturaz eta irakurketaz gozatzen jarraitu dezaten. Beti da beharrezkoa, baina are gehiago une hauetan.
Liburuaren Nazioarteko Eguna da bihar eta egun berezia ospatu nahi izan dute. Horretarako etxeko txikienei begirako jarduera egingo dute: ipuin kontaketa. Lur Kortak egingo du kontaketa, baina ez da bakarrik arituko, zeinu hizkuntzan ere egingo dutelako eta Eskuari Elkarteko Bego Gonzalez arduratuko da horretaz.
Bi saiotan banatuko da jarduera: lehenengo saioa 12:00etan izango da; eta bigarrena, 17:00etan. Bi saio horiek Errenteriako Bibliotekaren Youtube kanalean jarraitu ahalko dira, eta sare sozialetan ere emango dute horien berri, twitter eta facebook bidez.
Youtubeko estekak honakoak: 12:00etako saiorako, eta 17:00etako saiorako.
Atzorako zegoen aurreikusia 9 eta 12 urte arteko haurrei begirako Irakurketa ozenki ekintza, baina kultur munduak greba digitalera deitu du atzo eta gaurko, eta horrenbestez, bihar egingo dute saio hori 17.30ean.